Guruyi komikia eta karta jolasa
Jon Lorente eta Maite Rosendek yogaren inguruko materiala sortu dute komiki eta karta jolas moduan yoga gazte zein umeengana zabaltzeko asmoz
Guruyi komikia eta karta jolasa
Yoga ezinbestekoa da pertsona batzuen bizitzan. Bizitza estilo bat dela esan daiteke. Hala ere yogaren inguruko komikiak ez dira hain ugariak. Eta gutxiago haurrei zuzendutakoak. Hori da hain zuzen ere, Jon Lorente eta Maite Rosende donostiarrek sortutakoa, yogaren inguruko haurrentzako komikia eta karta jokoa.
Komiki dibertigarri eta koloretsu honetan, haur talde batek Himalaiako mendirik altuenera bidaiatzen du, yogaren sekretuak ezagutzeko. Mendi hartan Guruyi - sanskritoz maisua - egongo da beraien zain, bere ezagutzak partekatzeko prest, baina haurrentzako ez da erraza izango ideia batzuk bereganatzea. Gainera taldea nahiko originala da: Maite eta bere tximua, Pogo umore txarra duen pailazo tristea, energia handiko txakur berdea, Momi momia mutu intuitiboa, Drakulintxo izeneko puntarik gabeko letaginak dituen banpiroa eta Bikiak, bata ausartegia eta bestea kakatia.
Bi egileek sortzen duten lehen komikia da. Ideia, Jon Lorentek eduki zuen eta berak idatzi du gidoia. Haurrei yoga irakasten die eta lan honetan hasi zenean, gaiaren inguruko baliabide eskasiaz konturatu zen. Hori izan zen abiapuntua karta jokoa eta komikia sortzeko.
Irudiak Maite Rosenderenak dira. Bere lehen komikia da, nahiz eta ilustrazioan eskarmentua izan. Marrazki sinpleekin, kolore biziez baliatu da irudiei bolumena eta izaera emateko. Pertsonaiak kartetarako sortu zituzten lehenik eta komikiak protagonistak garatzeko aukera eman die.
Bi zatiak osagarriak dira. Komikian istorioa garatzen da, yogako teknikan gehiegi sakondu gabe. Kartetan ordea, yogako ariketak zehazten dira: posturak, arnasketak, kontzentrazio ariketak… Horrela, bata zein bestearekin hasita, haurrek interesa garatu dezakete yoga eta pertsonaiekiko era ludiko batean. Helburua azken finean, yogaren onuraz gozatu eta ondo pasatzea da.
Guruyi komikia edota karta jolasa kontsultatu nahi? Egizu klik atxikitako esteketan.
Informazio iturria: Irutxuloko Hitza.