Guy Delisleren 'Crónicas de juventud' komikia

Chroniques de jeunesse
Delcourt, 2021
Crónicas de juventud
Astiberri, 2021
Guy Delisle komikigilearen lanak beti izan ohi dira autobiografikoak. Bere egunerokotasuna kontatu ohi du normalki, bai bidaietan zehar, lanean edo aita izan zeneko kontakizunak bilduz. Modu honetan lortzen du kritika sozialetik, umoreraino pasatzea egunerokotasunean erabat murgilduta.
Bitxia da zer gaitasuna duen Guyk bere istorioetan irakurlea erraz eta eroso engantxatzeko. Ez da ezer larria edo berezia gertatzen bere komikietan, narrazioak ez du korapilo berezirik edo abentura ikusgarririk, eta hala ere, irakurlea zintzo mantentzea lortzen du, aspertu gabe, haria jarraituz uneoro.
Delisleren gaztaroko kronika hauetan ikasten zuen bitartean bere herriko paper fabrikan lanean pasatako uden kontakizuna egiten du. Bertan landuz fabrika handietako lan baldintzak, langileen arteko harremanak, bere aitarekin duen harreman korapilatsua eta bai gai orokorragoak ere, papergintzak nola eragiten duen naturan adibidez.
Astiberri argitaletxeak edizio aparta egin du lan honetarako. Frantsesezko lehen edizio originalaren oso antzekoa eta landua. Astiberrik lehendik ere Delisleren beste hainbat komiki argitaratu izan ditu gazteleraz.
Guy Delisleren lanen artean, lehenengotako bat da bere Asiako bidaien kontakizunak biltzen dituen ‘Pyongyang’ (Astiberri, 2005), eta berriena berriz, ‘Crónicas de juventud’ 2021ean argitaratua. Tartean argitaratua izan zen ‘Jerusalén’ (Astiberri, 2011) azpimarratu nahi genuke, Angulemako komiki jaialdi internazionalean sari nagusia irabazi baitzuen 2012an.