Guztia amiltzen dela esaten duen komikia
Todo se derrumba / Andrea Ganuza
2017
Andrea Ganuzak autoeditatutako argitalpen txiki baino indartsu hau “Tan guapo”, “La semana nudista”, “Porque no me gustas”, “La prueba del lápiz”, “MDMA”, “La iceberg” eta “Trance en la ría de Bilbao” izeneko istorio motzen bilduma da. Istorio hauetan guztietan Andrea Ganuzak autobiografiaren genero konplexua lantzerakoan ohikoak dituen zintzotasuna eta umorea aurkitzen ditugu. Andreak parrandan gertatutakoari eta sentitutakoari buruz eta bestelako barne sentimenduei buruz hitz egiten digu bere komikietan era bortitz, zuzen eta aldi berean poetikoan.
Hau guztia txuria eta beltza besterik gabe erabiliz egiten du. Eboluzioa nabaritu dezakegu teknikan istorio batzuetatik besteetara, puntu gorena “Trance en la ría de Bilbao” izeneko istorioan aurkitzen dugularik. Bere estilo piktoriakoan aurrera pausu garrantzitsua nabaritzen da azkeneko istorio honetan.