Hemen dago Antiqva jardunaldien 20. edizioa
Antzinari buruzko jardunaldiek 20 urte beteko dituzte, oraingoan antzinako Grezia eta Erroman nortasuna eta hiritartasuna kontzeptuen inguruan mintzatuz. Zer da greziarra izatea? Zer da erromatarra izatea? Zer da ez greziarra, ez erromatarra izatea? Carlos García Gual, Elena Torregarai eta Ana Iriarte irakasleek azalduko dute azaroaren 25, 26 eta 27an, 19:30etan, KOLDO MITXELENA Kulturunean.
Antzinako greziarrek ez zuten inoiz unitate politiko bakar bat osatu. Hiri autonomoetan bizi ziren, beren independentziaz harro, baina hizkuntza, jainko eta ohitura berdinak zituzten. Itsasoak eta polisean eta agoran bizikidetzak greziarren karakterra konfiguratu zuten, horizontera irekiak, dialogo zaleak, askatasuna eta abenturaren maitaleak, demokrazia, antzerkia eta filosofiaren sortzaileak. Greziarren lorpenek europar kulturaren humanismoa markatu zuten eta egun eredu ahaztezina dira. Azaroaren 25ean, Madrilgo Universidad Complutenseko Greziar Filologian katedradun den Carlos García Gual greziarra izateak zuen esanahiaz jardungo da.
Azaroaren 26an, Elena Torregarai EHUko Antzinako Historiako irakasleak erromatarrei buruz hitz egingo du. Kristo aurretiko III. eta I. mendeen artean erromatarrek nagusitasun militarrean oinarritutako inperioa osatu zuten. Lurralde zabal bat mendean hartzeaz gain, erromatarrek konkistatutako herri eta erreinuen eraldaketa ekarri zuen. Herri eta erreinu hauek botere estruktura berrian integratu behar izan zuten erromatarrek integraziorako sortu zuten kontzeptu garrantzitsuena onartuz edo baztertuz: hiritartasuna.
Amaitzeko, Ana Iriarte EHUko Antzinako Historiako katedradunak Casandrari buruz hitz egingo du. Gerra Medikoen osteko Atenasen Equilo poeta eta soldaduak Casandra pertsonaia enigmatikoari ematen dio ahotsa. Ekialdeko printzesa honek Dionisoren Antzokian elkartutako hiritarrak hunkituko ditu.
{jcomments on}