Hip hip Urri! 2014
Hilabete guztien artean, urria izango da europar haurren eta kulturaren hilabetea. Hemen, Donostian eta Gipuzkoan, europar haurren eta kulturaren hilabetea Hip Hip Urri! izango da.
Hip Hip Urri ekimenaren programazio zabalaren barruan, KOLDO MITXELENA Kulturuneak, bere Erakusketaretoaren bitartez, bi proposamen egin nahi ditu:
Lehenik, bi lantegi antolatuko ditugu, Guneak, urriaren 4an euskaraz, eta urriaren 18an gaztelaniaz. Bi larunbat horietako eguerdiko 12:00etatik aurrera, ordu eta erdiz gutxi gora behera, 6 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familiekin ariko gara lanean. Jarduera askoren bitartez, Pablo Valbuena artistak eraikitako guneetara hurbiltzeko aukera emango diegu familiei. Parte hartzaileek gune bana sortuko dute.
Bigarren jarduera, Hip Hip Urri programaren barruan egingo duguna, nazioartekoa da. My Metropolis, Media Art Project europar proiektu bat da, aldi berean 4 hiritan garatuko dena: Assenen (Herbehereak), Berlinen, Rigan eta Donostian. Arte multimediako lau lantegik aldi berean lan egingo dute, etorkizuneko europar hiria irudikatu eta eraikitzeko. Herrialde bakoitzeko familiek ikusi ahal izango dute nola sortzen diren beste herrialdeetan asmatutako hiriak. Ruben Boxman eta Adri Schokker holandar artistek diseinatu dituzte lantegiak. Jarduera egokia da 4 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat; urriaren 5ean, 11n, 19an eta 25ean egingo dugu.
{jcomments on}