HIRI SUB/BERTSIOAK 2
Urriaren 7tik 10era hitzaldiak, arratsaldeko 7:00etan
Hiri Sub/Bertsioakantolatu du ATARI elkarteak Donostian bigarren aldiz. Bere asmoa publiko orokorrari arkitektura hoberena gerturatzea da arkitekturaren nazioarteko eguna dela eta. Hiria, arkitektura eta ondarea ditu aztergai. Proiektatu eta eraikitzeko artearekin ohituta ez dagoen publikoarentzako bereziki pentsatutako jarduera sorta interesgarri bat proposatzen da: hitzaldiak, hiriko toki esanguratsuei bisita gidatuak, erakusketa didaktikoak, haurrentzako tailerrak eta TOP OF… edoMAKING OF …jarduera bereziak.
Donostiako berreraikuntzaren bigarren mendeurrena dela eta, aurten antolatu den Hiri SUB/BERTSIOAK egitaraua josten duen haria “BER” aurrizkia da: berreraikuntza, birgaitzea, berrerabilketa, berbaliotzea. Arkitektura berri-berriarekiko interesa apaltzen ari den momentu honetan garrantzitsuak zaizkigun kontzeptu batzuk berraurkitu ditugu: berriz erabili, berriz bizi, berriz jabetu… berriz eraiki, bai, baina beste modu batean. Hitzaldi hauetan, tokiko eta bai nazioarteko arkitektura garaikide hoberenaren eskutik, kontzeptu hauen inguruan hausnarketa egiteko aukera izango dugu eta baita ere, kontzeptu hauek “hiria” ideian (historia eta oroimendun espazio komuna) zein ekarpen egin dezaketen aztertu.
Hiri Sub/Bertsioek hiria eta arkitektura ikuspegi desberdin baten argitan erakusten digute beti. Espazio publikoa beste modu batera erabiltzeko modua, hiria toki ezezagun batetik begiztatu, espazio bat ekoiztu dutenen eskutik bisitatu edo egunero bizi ditugun eraikinen prozesua ulertu… Azkeneko helburua bizitokiaren ulerpena erraztea da, arkitektoen ezagutzaren klabeak eskainiz eta herritarrengan arkitekturarekiko gustua sortuz, bereziki arkitektura garaikidearekiko.
Astelehena 07: Peña Ganchegui.
Peña Ganchegui y Asociados bulegoa Donostiako arkitektura bulego ospetsuenetako bat da. Solasaldi honetan bere bulegoan burutu dituzten eraikinen birgaitze edo birmoldatze lanak azalduko dizkigute, bereziki erabilera kulturala duten kasuak aztertuz.
Asteartea 08: Juan Beldarrain
Juan Beldarrain arkitektoak Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ezarri diren jasangarritasun aktibozko neurriak azalduko dizkigu, eta nola erabilerarik gabeko materialak errekuperatu dituen Azkoitiako Liburutegian.
Asteazkena 09: CFS + HEssamfar&Verons
Marc Folch, Bartzelonako Calderon Folch Sarsanedas arkitektura bulego gaztearen kide da. Bere proiektuak hurbilduko dizkigu, bereziki ehun urtetik gorako etxebizitza bat arkitektura pasibo eta energia aurrezte irizpideekin nola birgaitu zuen. Hessamfar& Verons Bordeleko bulegoko kideek Teheraneko ibaiaren errekuperazio egitasmoa eta beste proiektuen berri emango digute.
Osteguna 10: Pacman
Pacman, gazte eta ausartak, arkitektura kolektibo ezohizko honek Arrasateko Ekocenter nola indarberrituko duten kontatuko digu besteak beste.
{jcomments on}