Hiria sortzen denean. Bihar ostirala, errezitaldia
Hiriaren gaiaren inguruan hiru hitzaldi eta irakurraldi bat antolatu ditu Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostian. Hiru adituek hitzaldi bana eskainiko dute. Hiru begirada Hiriaren iragana, oraina eta etorkizuna hurbilari, Hiriaren bilakaera historian zehar, lurraldeak eta mugaldeak supotzen duten osotasunean Hiriak hartu duen tokia, eta Hiria hitza pentsatzen dugunean ematen diogun esanahia hiru ikuspuntutik aztertu eta bateratzeko.
Urriak 16, astelehena, 19:00 (hitzaldia gaztelaniaz)
"De Polis a Kosmopolis. Una reflexión sobre la ciudad y el compromiso ciudadano desde la Grecia Antigua"
Javier Aguirre
Javier Aguirre Antzinako Filosofiaren Historia irakaslea da EHU/UPV-ko Filosofia Fakultatean. Hezkuntza Ertaineko irakaslea izan zen, eta Europa eta Amerikako unibertsitateetan irakaslea izan da. Hainbat aldizkari ezberdinetan artikulu ugari idatzi ditu, eta hainbat libururen egilea da, azkenak hauek: Aristotelesen Metafisikari sarrera (2008), Platón y la poesía. Ion (2013), eta Dialéctica y Filosofía primera. Lectura de la Metafísica de Aristóteles (2015).
Greziako literaturaren eta pentsamenduaren historian zehar gauza nabaria da zenbat aldatzen den ideia bera: komunitate itxia izatetik, eredu nagusia izan baitzen hori garai arkaikoan eta klasikoan, polis unibertsalaren oinarri izatera, aro helenistiko eta inperialean garatutakoa hain zuzen. Halaber, nabaria da hiritarrak hiriarekin hartzen duen konpromiso mailak nola baldintzatzen dituen sorkuntza filosofikoan funtsezkoak diren hainbat alderdi.
Urriak 17, asteartea, 19:00 (hitzaldia euskaraz)
"Hiria da marka"
Ibon Salaberria
Arkitektoa da, beSTe arkitektura agentzia baten sortzailea, eta EHU-ko Donostiako Arkitektura eskolan irakaslea.
Azken garaiko lurralde politikek bultzatuta, hiri-berrikuntzek eta bestelako foroetatik onartzen diren begirada teknifikatuek, mamuen begiak bailiran, lurraldea airetik ikusi nahiago dute, izan ere lurretik, sastrakaz beteriko zelai-larretatik ikusteko duten ikuspegiak ez die metropolia bere osotasunean ikusten uzten.
Urriak 18, asteazkena, 19:00 (hitzaldia euskaraz)
"Euskal Hiriaz"
Bernardo Atxaga
Ekonomia ikasketak egin zituen Bilbon, eta Filosofiakoak Bartzelonan. 1972an argitaratu zituen bere lehenengo poemak, antologia labur batean. 1976an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, Ziutateaz. 1978an Etiopia poema-liburua eman zen argitara. 1988an Obabakoak argitaratu zuen. Geroztik lan asko argitaratu ditu, eta oso sari garrantzitsuak jaso ditu. Bere lanak hogei hizkuntza baino gehiagora itzuli dira.
Hiru ardatz aintzat hartuta hitz egingo du hiriaz. Urbs den aldetik begiratuko dio aurrena, eta deskribatu zer aldaketa gertatu diren geografia fisikoaren aldetik Euskal Hirian. Ondoren, hiria civitas ere denez, biztanleriari begiratuko dio, gizarteari. Azkenez, Euskal Hiriaren antolamendu politikoaz egingo du gogoeta, zer polis mota izan beharko lukeen gaur egun azken urtetako aldaketak gogoan hartuta.
Urriak 20, ostirala, 19:00, Erakustaretoan, -1 solairuan (errezitaldia, gaztelaniaz)
"Vida en la Sección de Valle"
Errezitaldia. Maider Gorostegi, Joseba Sacristan eta Ekain Perez esatariek, eta ADI! musika taldeak errezitaldia eskainiko dute, Jose Luis Padron eta Jon Obesoren gidoian oinarrituta.
"Modu honetara ulertu ahal izango dugu hiriaren irudia dela gizakia, eta hiria gizaki baten erraiak aldrebes kokatuak, gizaki batek hirian aurkitzen dituela ez soilik izateko adorea eta izateko arrazoia, baita guztiz bat izaten utziko ez dioten traba ugariak eta oztopo garaiezinak ere...".
"Halaber, ulertu ahal izango dugu hiriak pentsatzen dakiela mila gorputzetan banatutako mila buruen tamainako bere garunarekin, nahiz eta guztiak dituen batera botere gogo berak bakar batean baturik, zeren eta horri esker sekula ez dago gizakia galdurik horretarako baita hiria… (gizakia sekula ez egoteko galdurik), gizakiak egin dezake sufritu eta hil egin daiteke baina hiri honetan galdu gabe, txoko oro galduenbiltzaile perfekzionatua baita, hain zuzen ere ezin baita gizakirik bertan galdu ezta hala nahita ere, mila, hamar mila, ehun mila baitira sailkatu eta moldatu, ezagutu eta besarkatu, identifikatu eta salbatu egiten duten begi pareak, bere toki naturalean galdua dela guztiz sinistuta dagoenean nork bere burua hobeki aurkitzeko laguntza emango baitio: espetxean, umezurtz-etxean, komisarian, eroetxean, larrialdietarako kirofanoan".
Luis Martin Santos