Historia egiteko jaialdia
Crossoverren seigarren edizioa amaitu da txalo eta barre artean

Historia egiteko jaialdia
Aurtengo lehen nobedadea Ikusle Gonbidatua atala izan da. Bertan, kulturarekin lotutako hainbat pertsonek zein serie kontsumitzen dituzten, zergatik eta nola kontatu digute. Harkaitz Cano idazlea, Iratxe Fresneda zinemagilea, Lide Hernando abeslaria eta Enric Albero zine kritikaria izan dira bertan.
2023ko Crossover honen bigarren berrikuntza, Basque Culinary Center-ekin batera eskainitako Gourmet Telesailak atala izan da. Afari eta aperitibo batean bereizita, aukera bikaina izan da iritziak partekatzeko gure ahosabaiek eskaintza gastronomikorik onenak dastatu dituzten bitartean. Ostiraleko afarian, Convent Garden-en izandakoa, Laura eta Alberto Caballero, anai-arreba zinemagileak, izan ziren gonbidatuak eta larunbatean, aldiz, Sasha Correa kazetariarekin eta Jorge Breton Basque Culinary Center-eko sukaldariarekin telesailetako errezetak aztertu eta dastatu genituen Tabakalerako LAB-en. Azpimarratzekoa da ere ohiko atalek edukitako harrera bikaina: Koldo Mitxelena Kulturunean gozatutako Elkarrizketek aretoa jendez bete zuten.
Inor ahazteko asmorik gabe, izen handien parte-hartzea izan dugu, hala nola Javier Cámararena, Raparen (Movistar+) bigarren denboraldiaren estreinaldian; Miriam Giovanelli eta María de Natirenak, besteak beste, telesailetan sexu-eszenak gaur egun nola grabatzen diren azaldu zigutenak; Autodefensa proposamen iraultzaileko Berta Prieto eta Jaume Ripollrenak; Joana eta Mireia Vilapuig eta Bàrbara Farré Selftape telesaileko protagonistarenak eta zuzendariarena, edota Turra Tour 2023aren bitartez 20 urteko elkarlan kreatiboa ospatzen ari diren Borja Cobeaga eta Diego San Josérenak.
Jaialdia osatu duten 22 ekitaldietatik 15 Koldo Mitxelena Kulturunean izan ditugu, eta horrek zinez animatzen gaitu hurrengo urteko, zazpigarren edizioko, erronkan zentratzera, Crossover. Telesailen Kultura festibalak ez baita hemen amaitzen.
Egizu jaialdi osoaren birpasa esteka honen bitartez.