[H]istorio konparezinak. Himnoak, ezpalak eta kalezuloak
2013.07.04-2013.10.11
Komisarioa: Haizea Barcenilla
Artistak: Bertille Bak,Yael Bartana,Lene Berg,Elena Ciobanu,Field Work, Tânia da Fonte,Marine Hugonnier,Vincent Labaume,Karlos Martínez B.,Christine Meisner,Juan Pérez Agirregoikoa,Alex Reynolds, Oriol Vilanova
1813ko uda hasieran espainiar, portugaldar eta ingeles tropak hurbildu ziren frantsesen menpe zegoen Donostiara. Inguratu zuten, bonbardatu zuten, eta azkenik, abuztuaren 31an sartzea lortu eta frantsesak bidali zituzten. Ofizialki, frantsesak ziren etsaiak, eta aliatuak, lagunak. Aldiz, aliatuek hiria suntsitu, emakumeak bortxatu eta biztanleria akabatu zuten. Gertakizunaren urteurrenak aukera aparta dakarkigu letra larriko Historiaren eraikuntzaren inguruan gogoeta egiteko. Izan ere, kontraesan nahiko erakusten dizkigu kontakizun zalantzagarria dela frogatzeko. Zeinen Historia da 1813koa? Biztanleena? Soldaduena? Estatuena?
Historia ez da bat eta bakarra, eta ez dago soilik enperadoreez osatua. Asko dira Historiaren atalak: gertakizun zorizkoak, esperientzia pertsonalak, ahozko tradizioak, datetan zehaztu ezinezko prozesu luzeak, nahita sortutako dokumentuak, nahigabe utzitako arrastoak eta gizartea elkartzen duten irudipen mentalak. Gainezka egiten duen Historiaren ulermen zehaztugabe hau, elkarrekin bizi diren istorio konparaezin askotan bihurtzen da gure erakusketa honetan.
Lau dira berariazko lan berriak egin dituzten artistak, orain 200 urte Donostian elkartu ziren estatu berdinetakoak. Baina, soldaduak ez bezala, artistak ez dira nazio baten errepresentazio: lurralde desberdinetan ikasi eta bizi ondoren, euren identitateak heterogeneoak dira. Horrekin lan egiten du Vincent Labaumek:Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Portugal eta Euskal Herriko himno nazionalak nahasten ditu, Donostiako setioko irudiak grabatuak dituzten martxa militarren biniloekin entzunaraztean, berrikuspen historikoaren soinu banda ezarriz. Juan Perez Agirregoikoaksuntsiketaren ospakizunetik abiatzen da, Talionaren legeetan oinarritutako festa dekadentea muntatuz. Alex Reynoldsek hizkuntzaren bihurrikeriaz hitz egiten digu, kontakizunak eraikitzeko jasaten duen manipulazioaz. Tânia da Fontekhiriko espazioa, gizartea eta legegintza elkartzen ditu, hiriari bere suntsiketa ondorengo egoera ulertzeko tresna eskaintzen diolarik.
Hauekin batera, badira testuinguru kontzeptuala sortzen duten beste lekuetan ekoiztutako lanak ere. Hortaz, Elena Ciobanu eta Bertille Baken lanek historia guztietan dagoen istorioa, esperientzia subjektibo pertsonala erakusten digute, lehenak gorputzean markatuta geratzen diren orbainen bidez, bigarrenak arkitekturaren gainean bakoitzak sortzen duen aldaketa ñimiñoei begiratuz. Biek, aldi berean, artxibategia osatzen dute, bildutako gauzak baitira mantendu eta balioztatzen direnak. Oriol Vilanovak artxibategi bat dakar ere, anekdoten bilkura gorena, hots, Errekorren Guinnessa, Historian euren izena edonola idatzia behar dutenen azken errekurtsoa; eta Field Work kolektiboak, bestalde, Palestinan Ramalako Arte Eskolako ikasleekin jaso zuten bizirauteko eguneroko estrategien bilduma.
Lekuek halaber badute historia, eta markatzen dituzten istorio anitz. Horren adibide dira Christine Meisnerek dakarzkigun paisaiak, blueseko abestien istorioen eszenatoki eta testigu. Edo Karlos MartínezB.k berrirudikatzen duen Atxarteko pasarteko oraina eta iragana, bere ideologia, forma eta erabilera guztiekin. Yael Bartanaren lanean lekua nahitaezkoa da orobat, judutar talde bat Varsoviara itzultzen baita, horrek suposatzen duen historiaren bihurrikeriarekin. Marine Hugonnieren egunkarien gaineko interbentzioetan, aldiz, arte abstraktuaren hizkuntzak argazkiarena ukatzen digu, gertakizun hauen inguruan sortutako irudi popularra estaliaz. Irudia delako ere historiaren eraikuntzarako nahitaezkoa: Lene Bergen lanean, Michael Josselsonen bizitza asko erakusten zaizkigu, ekoiztutako irudi bakar baten atzean ezkutuak.
Kontaera ofizialen gaineko zalantza ikusten dugu lanetan; bildu eta sailkatzeko printzipioekiko susmoa, baztertutako elementuen berreskuratzea, gertakizun ezagun eta esperientzi pertsonalenen bateratzea. Denak dira historiaren interpretazioak. Eta izaera horren bidez erakusten digute Historia bera ere interpretazio bat dela.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!
-
«Gutxi esan, asko jolastu / Decir menos, jugar más»
Erakusketa udaran zehar burutu den Egile(ak) zikloko bigarrena eta azkena da, eta GFA-ko Kultura Departamentuak sormen-proiektuei ematen dien Egile sariaren irabazle izan diren Gipuzkoako bost emakume artistaren obrak biltzen ditu. Erakusketa abuztuaren 9tik irailaren 8ra arte ikusgai egongo da KMK-ren Santa Teresa Komentuko Atari gunean.
2024-08-09 2024-09-08
-
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes»
«Bidegurutzeak / Itinerarios comunes», Egile(ak) zikloak barne hartzen dituen bi erakusketetatik lehena, ekainaren 28tik abuztuaren 4ra bisitatu ahal izango da KMK-ko Ataria gunean.
2024-06-28 2024-08-04