Hitzak hegan
Sei poeta: Asier Serrano, Mariluz Secilla, Francisco Javier Irazoki, Castillo Suarez, José Blanco eta Luis García Montero. Sei egun: otsailaren 12tik 17ra. Bi hiri: Donostia eta Irun.
Musika eta poesia uztartuko dira datorren astean KOLDO MITXELENA Kulturunea eta Kabigorri Ateneoan ospatuko diren olerki topaketetan.
Asier Serrano EH Sukarra taldeko letragile izandakoak emango die hasiera asteartean KMKn. Emanaldi honetan ikus-entzuleak nostalgia, eta bakardadea ezagutuko ditu, baina baita bizitzeko nahia ere. Protagonistek hotel magiko eta imajinario baten geletako bezeroen sentimenduak azaleraziko dituzte.
Asteazkenean, Mariluz Secillak olerkia eta irakurlearen artean dialogoa sortuko du bere salaketa feministaren ertzak gainditu asmoz eta hurrengo egunean, Francisco Javier Irazoki surrealistaren txanda izango da.
Ostiralean, Castillo Suarezek ez ohizko festa batera gonbidatuko gaitu “batzuetan zauriak irekita uztea baita onena, gonbidatuak sar daitezen nahi dutenean”. Borja Estankonarekin musikaren laguntzaz, hitza eta musikaren artean ezkutatzen den mundu iradokitzaile bezain zorrotza agerian utziko du.
Lengoaia totala. Hori da Jose Blancok larunbatean Kabigorrira eramango duen proposamena. Hasieran bat bakarra ziren bi espresiobide taula gainean: poesia eta musika. Gabriel Celaya, Juan de Yepes, Federico García Lorca eta José Blanco beraren poema eta abestietan oinarrituko da ikuskizuna.
Amaitzeko, igandean, Javier Sistiaga eta Esther Barandiaranek Luis García Monteroren testuetan oinarritutako kontzertu poetiko intimoa eskainiko dute.
Aldi berean, KOLDO MITXELENA Kulturuneko Liburutegiak olerkigile horien obra liburutegiko lehen solairuan ipiniko ditu, horien olerkigintza sakonago ezagutzeko aukera izan nahi duen edonoren eskura.