Ia inork ez daki
Ia inork ez daki zergatik Koldo Mitxelena Kulturuneak argitaratzen dituen Auspoa bildumako liburuak.
Ia inork ez daki zergatik Antonio Zavalak gure esku utzi zuen obra ospetsu honen legatua.
Ia inork ez daki zein den ezinbesteko bilduma honekin jarraitzeko adorea ematen duen indar eragilea.
Egia dena da Antonio Zavalak ausardia erakutsi zuela Auspoa bilduma argitaratzea helburu hartu zuenean; etorkizunari begira, gure herriko literatura herrikoiak, ahozkoak lehenik, baina baita idatziak ere, eman dituen sortzaile askoren lan hegazkorrak eta sakabanatuak biltzea eta jasotzea erabaki zuenean.
Egia dena da Antonio Zavalaren hutsuneak, tamalez gure artean ez egoteak, ezin duela umezurtz eta babesik gabe utzi Auspoa bilduma.
Egia dena da gure gain hartu dugula, atsegin osoz baina erantzukizun handiz, Antonio Zavalaren argitaratze zeregina.
Dagoeneko iritsi gara 319. eta 320. liburura. Lehenengoak CD bat darama Ignacio Eizmendi Manterola Basarriren bertsoak biltzen dituena eta Joxe Mari Iriondok editatu du. Bigarren liburuan Julian Albisturrek 1984-2010 bitartean idatzitako bertsopaperak jasotzen dira.
Lehenengo liburuaren izenburua da Basarri II. Jarritako bertso asko, bigarrenarena, berriz, Dozenaka sortuak.
Ekainaren 29an, Errenteriako Udaleko Bilkura Aretoan, arratsaldeko 7etan, aurkeztuko dugu Julian Albisturren liburua.
Bertan izango dira Julen Mendoza Errenteriako alkatea, Julian Albistur bera, Pello Esnal eta Joxemari Iriondo, Antonio Zavalaren oinordeko intelektualetako bi, eta Koldo Mitxelena Kulturunearen izenean Francisco Javier Lopez Landatxe. Lagunartean ospatuko dugu eta gurekin ez daudenak ere gogoan izango ditugu.