Ibilaldia Alfabetoaren barrena. Arte grafikoa Bernardo Atxagaren inguruan

Arte grafikoa Bernardo Atxagaren inguruan.
Hizkien lurraldeak oso paisaje ezberdinak ditu: oasi baten pintzelkadaz ahozabalik uzten gaituzten hareatzak, urrutiko mendizerra elurtuak, itsasoarekin besarkatzen diren hondartza eta badiak. Mundu zoragarri horretan -hitzen argitalpenarena alegia- barneratzeko karabana hau antolatu dugu.
Bidaierako tresnak prestatzerakoan gure ekipajean idazketak erakusten dizkigun forma, kolore, neurri, soinu ezberdinetako batzuk sartu ditugu; guztiek bere xarma dute.
Gaztetako panfletoen fotokopia xumea, tinta eta kafe usaineko igandeko gehigarriaren orria, disko baten azaletik buruz ikasitako abestiaren letra, komiki bateko binetak, ume baten eskuetan amaituko duen irudidun orria, lotsagabekeriaz beteriko aldizkari literarioa, erronka grafikoa. Ez ditugu ahaztu ere beste zenbait elementu, hots, papera inprimatzeko moldea, egunen joan-etorria kontatzeko erabiltzen ditugun kolorezko borobilak, argitalpen baten azal bilakatuko diren jatorrizkoak, serigrafiako pantaila, artisau paperera eramanda kosmosaren sekretua zirriborratu nahi digun kobrezko plantxa, egunkariko plegu bilakatuko den metala. Aurreko guztiarekin begien aurrean jarri nahi dugu arte grafikoen oinarrizko elementuen bilduma txiki bat.
Espedizio guztiek gidaria behar dute; guk egundoko zortea izan dugu, eta benetan eskertzen diogu, Bernardo Atxaga, adiskide dituen idazle, margolari, musikari, marrazkilariekin hainbat abentura bizi izan dituena, baitugu bidelagun (bidaiari batek bere barruko nabigazio karta osatzen duten laneko mahaiaren gaineko paperen artean bere irakurketa besaulkian atsedena bilatzeko beharrezkoak dituen tarte horietatik ere denbora kenduz, are gehiago udaberri honetan non lehioko kristalak etengabean kolpatzen dituzten euri tantek islada diztiratsuak aterarazten baitizkiete, muskerraren larruazalaren parekoak.
Gainera, Bernardo Atxagak, bidelagun izateaz gain, alfabetoa biltzen duen eskaintza bat marrazten digu, horren bidez guztiok, bokal hau kontsonante horrekin edo beste harekin elkartuz, gure izena aurkitu ahal izango dugu. Irakurketaren bidaiak, hain zuzen, idazten duenaren eta irakurtzen duenaren arteko topagune hori bilatu nahi du.
Duela gutxi egin diren erakusketak
Koldo Mitxelena Kulturunean duela gutxi zer erakusketa egin diren jakin nahi al duzu? Klikatu hemen!

-
Unibertso txikiak. Gipuzkoa eta jaiotzak
Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak antolatutako erakusketa.
2022-12-05 2023-01-05
-
Aurrera eginez. Etorkizunari begira XIX. mendetik
2022-05-13 2022-12-17