II. Emakume idazleen eguna

Urriaren 16an, Emakume idazleen eguna ospatzen da. Hau dela eta, Espainako Liburutegi Nazionalak Emakume idazleen testuak aukeratu ditu, bertan irakurtzeko. Irakurketa horretan euskarazko testu bat entzun ahal izango da, Miren Etxabe (1903-1993) zarautztarrak idatzita. Testu horren jatorrizko eskuizkribua Koldo Mitxelena liburutegian gordeta dago, egilearen beste lanekin batera.
Miren Etxabe
Zarautzen jaio zen 1903an, eta oso lotuta egon zen beti bere herriko bizitza kulturalari eta politikoari. Bere bi literatura lan ezagutzen dira. Alde batetik, Salvador Arriolaren “La Virgen de las Angustias” antzerki lana; pieza horri “Itziar’ko Ama” izenburua jarri zion, eta berari esker gazteen literatura lehiaketa irabazi zuen 1929an. Eta bestetik, 1930eko apirilaren 30ean, Donostian, Euskal Esnalea elkarteak gonbidatuta eman zuen hitzaldia. Zorionaren iturriak gizonak non du? izan zen hitzaldiaren izenburua, eta handik denbora askora, 2002an, argitaratu zuen hitzaldi hori Zarauzko Olerti Etxeak. Hala ere, Miren Etxabek beste hitzaldi batzuk ere eman zituen, hauek besteak beste: Donostiako Euskaltzaleak elkarteak 1930eko uztailaren 29an antolatutako “Emakumeen Omenaldia Euskarari” Batzarrari hasiera emateko diskurtsoak; eta Zarautzen, urte bereko abuztuaren 30ean, “Lehenengo Andereño Idazle Batzarrean" emandako hitzaldiak .
Jarduera politikoari dagokionez, “Emakume Abertzale Batza” taldeko kide izan zen eta, beste zeregin batzuen artean, hitzaldiak eman zituen elkarte horretan.
Zarauzko bere jaiotetxean hil zen 1993an.
Miren Etxaberi buruz Koldo Mitxelena Kulturunean daukagun funts dokumentala ikusteko eta kontsultatzeko klik egin behar duzu lotura honen gainean: Miren Etxabe en KMK.
Honenbestez beste idazle bat gogora ekarri nahi dugu: Bizenta Mogel (1782 - 1854) bere izenarekin euskaraz idatzi zuen lehen emakumea izan zen, baina, dena den, emakume idazlea izatearen gaineko azalpenak eman behar izan zituen. Liburutegi honetan ere gordetzen da bere lanaren eskuizkribua eta horien argitalpenak. Idazlearen garrantzia nabarmendu nahian Markinako udalak beka bat sortu zuen, hain zuzen ere Yolanda Arrietak honi esker Argiaren alaba liburua sortu zuen, zeinekin Haur eta gazte literatura saileko Euskadi Saria lortu zuen 2014an. Iaz argitaratu zen, obra honen gaztelerazko itzulpena,La hija de las luces.
Bizenta Mogel1782an jaio zen Azkoitian, bere aita hango medikua zelarik, baina aita oso gazte hil zen, haurrak, Bizenta eta bere anaia Juan Jose oso txikiak zirenean eta familia osoa Markina-Xemeinera joan zen bizitzera, han bizi baitzen Juan Antonio osaba, apaiza eta idazlea. Hain zuen, euskaraz idatzitako lehen eleberriaren egilea izan zen: Peru Abarca (1802).
Osabaren esku Egon zen Bizentaren heziketa, eta latina irakasteaz gain, berak literaturari zion maitasuna ere txertatu zion. Bizenta Mogel irakaslea izan zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, eta bizitzaren bukaera aldera Bizkaiko Aldundirako itzultzaile moduan lan egin zuen. Eugenio Eleuterio Basozabalekin ezkondu zen eta Bilbora joan zen bizitzera, senarra bertakoa baitzen. Abandon zuten etxea eta bertan osabarekin harremana izan zuten euskalzaleekin kontaktatu zuen, modu honetan haren lanarekin jarraitzeko aukera izanik. Abanto-Zierbenan hil zen 1854an.
Bizenta Mogel euskaraz idatzi zuen lehen emakumea izan zen, baina, dena den, emakume idazlea izatearen gaineko azalpenak eman behar izan zituen. Literatura produkzioari dagokionez, bere lan ezagunena Ipui onac obra da (1804) eta bere osaba Juan Antonio hil zenean argitaratu zen. Lan horrek Esopo-ren latinezko berrogeita hamar fabularen itzulpena hartzen du, eta baita bere osabaren jatorrizko zortzi fabula ere. Hauek dira beste lan ezagun batzuk: Gabonetaco cantia bizkaitar guztientzat (1819); “Carta Pastoral del Primado de las Españas” izenburuko gutun pastorala itzuli zuen euskarara; eta José Pablo Ulibarri Galíndez-en testuak zuzentzen lagundu zuen.
Bizenta Mogel idazleari buruz Koldo Mitxelena Kulturunean dugun dokumentu bildumara sartu nahi baduzu, egin klic lotura honetan: Bizenta Mogel KMKn.