Iñaki Fernández Redondok Gipuzkoako proiektu politiko faxistaren ibilbidea eskainiko du
‘Gipuzkoako Historiako Pasarte Ezezagunak’ zikloaren barruan
Iñaki Fernández Redondok Gipuzkoako proiektu politiko faxistaren ibilbidea eskainiko du
Urriaren 10ean eta Marineros del destino universal. El fascismo en Guipúzcoa (1933-1945) titulupean Gipuzkoako Historiako Pasarte Ezezagunak zikloa bueltatuko da. Historia Garaikidean doktore eta EHUko Valentín de Foronda Gizarte Historiako Institutuko kide den Iñaki Fernández Redondo faxismoaz arituko da. Hura, Europan XX. mendearen lehen herenean sortu zen mugimendu politiko bat izan zen, eta Espainian nahiz Euskal Herrian aurkitu zuen lekua. Izan ere, esan daiteke, tradizionalki esan denaren aurka, eskualde hau ez zela haren erakargarritasunerako iragazgaitza izan; aitzitik, Euskal Herriak funtsezko zeregin bat izan zuen Espainiako faxismoaren garapenean.
Fernández Redondo nazio eta nazioarteko hainbat argitalpenen egilea da, batez ere indarkeria politikoarekin zerikusia duten gaiei buruzkoak, eta egun Università di Padovan dago, Eusko Jaurlaritzaren doktoratu ondoko beka bati esker. Álvaro Aragónek lagunduko dio mahai-inguruan.
Hauxe guztia izango dugu KMK - Ekitaldi Aretoa, Santa Teresa Komentuan, 19:00etatik aurrera, Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak parte hartzen duen Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak hitzaldi-zikloari esker. Segidako asteetan hurrengo datak zehaztuko ditugu.