"Inbasioak", "Iparraldea Bertan" zikloaren itxierarako atea
Martxoaren 20an, 19:00etan
"Inbasioak", "Iparraldea Bertan" zikloaren itxierarako atea
Iparraldea Bertan 2024 historia izango da azken topaketarekin. Oraingoan Ekhi Lambert (ahotsa, gitarra elektrikoa) eta Vincent Mougelekin (ahotsa, teklatua). Lehenengoak Inbasioak izeneko bakarkako bigarren diskoa aurkeztuko du, lan emankor, zorrotz eta handinahia. Proiektu plurala da, txokoz, zokoz eta pasabidez betea. Orkestrako poparen ildotik, hainbat musikariren laguntzarekin egin du lan: Oiasso Kamerata, Joseba Irazoki, Félix Buff, Oihan Oliarj-Ines, Ludovic Leriche edota Vincent Mougel. Aurkezpena, egutegiaren arabera, hala jazoko da:
- 20/03/24 DONOSTIA / SAN SEBASTIÁN Koldo Mitxelena Kulturunea 19:00
- 21/03/24 DONIBANE GARAZI Garaziko Gaztetxea 20:00
- 22/03/24 MIARRITZE Pioche Projects arte galeria 19:00
Bestalde, Mougel Lorrenako industria-haran batekoa da jatorriz. Hainbat pop disko kaleratu ditu Kidsaredead izenarekin, eta horien artean The Other Side of Town (2014) nabarmentzen da, Botanical House zigilu japoniarraren pean argitaratua.
Inbasioak lanera bueltan, aurkezten den obrarekin, orkestra-musikak markatutako ildoetatik haratago doan zerbaitez gozatuko dugu, musikariei askatasun marjina zabalak eman zaizkie. Hasiera batean bakarkako lana izango zena kolektibo bihurtu da, nolabait inbaditua. Orkestra gailur magnetikoetara iristen denean ere, sinfoniak apalki jarraitzen dio ahots bakartiaren oihartzunari, poema labur batzuk musikatzeko. Bitartean Ezpata single-az gozatzen utziko zaituztegu.