Ingrid Bergman (1915-1982)
Zinemaren historiako emakumezko lau aktore handienetakotzat hartzen da Ingrid Bergman, beste hauekin batera: Katharine Hepburn, Bette Davis eta Audrey Hepburn. Akademiako hiru Oscar sari irabazi zituen, eta Katharine Hepburnek bakarrik gainditu zuen, hark lau sari lortu baitzituen.
Bere sorterrian sartu zen zinema munduan, baina gero AEBtik deitu zioten Intermezzo filma protagonizatzeko, eta film horrek bilakatu zuen munduan ezagun. Hala ere, Michael Curtizen Casablanca filmarekin iritsi zen izar bat izatera. Film hori Humphrey Bogartekin batera egin zuen, eta Oscar sarirako lehen izendapena ekarri zion.
40ko hamarkada bereziki interesgarria da Bergmanentzat, beste pelikula bikain batzuetan hartu baitzuen parte, eta horiek guztiak Oscar sarietarako izendatuak izatera iritsi baitziren, honako hauek, hain zuzen: Charles Boyerren ondoan, Gaslight -film horrekin bere lehen Oscar saria irabazi zuen-; Bells of St. Mary's, Bing Crosbyren ondoan; eta Giovanna d'Arco al rogo.
50eko hamarkadako garaia, Roberto Rossellini zuzendari italiarraren ondoan igaro zuen garaia da, eta eskandalu entzutetsu bat protagonizatu zuen berarekin. Izan ere, harekin seme bat izan zuen, beste batekin ezkonduta egon arren. Film batzuk egin zituen haren alboan, eta aipagarriena, bereziki, Stromboli filma da.
Urte horietakoak dira beste film interesgarri hauek ere: Elena et les hommes, Anastasia –Oskarra eta guzti-, The Turn of the Screw, Hedda Gabler, The Visit,The Human Voice, Cactus Flower, Nina -Vicente Minnellik zuzendua-, Höstsonaten -Ingmar Bergmanena, Oscar sarirako beste izendapen bat-, The Inn of the Sixth Happiness eta Murder on the Orient Express -Oscar sari berria, bigarren mailakoa oraingoan-.
1982. urtean, eta minbizia zuela, Israelgo lehen ministroari buruzko Golda telesaila grabatu zuen, eta Emmy saria jaso zuen azken lanetako bat izan zen. Urte horretan bertan hil zen, 67 urterekin, urteak betetzen zituen egun berean.
Zinema munduan handienetakotzat jotzen den aktore hori gogoratuko dugu, jaio zela ehun urte betetzen direnean.