Iparraldea bertan!
Martxoaren 5ean hasita eta hilabete osoan zehar Ipar Euskal Herria eta bertako kultur sorkuntza hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du Iparraldea bertan! zikloak. Hamairugarren edizio honek lau hitzordu eta erakusketa bat izango ditu.
Hitz-Enea erakusketa
Hitz-enea erakusketak etxeen izenen munduan murgiltzeko aukera eskaintzen digu. Lehengo denboretan tokiaren arabera ematen zitzaion etxe bati bere izena eta jendeak beren etxeko izenaz deitzen ziren, ez eta beren abizenaz. Geroztik ohiturak aldatu dira baina etxe izenek beti zerbait adierazten dute: kolore bat Etxe xuria, desio bat Gure nahia, lanbide bat Arotzena, edo Oskar Alegriak gure artean ezaguna egin duen Biarritzeko Emak Bakia Baita bezala. Etxeen izenak ikusiz, Iparraldea hobeki dastatzeko parada ematen du.
Otsailaren 27tik aurrera eta martxo osoan zehar KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegian ikusgai egongo da erakusketa eta estreinaldian, ostegunean 20:00etan, Sustrai Colina bertsotan ariko zaigu.
Hiru kontzertu
Lehen kantaldia martxoaren 5ean izango da, Maddi Oihenart eta Jérémie Garat txelo-jolearen eskutik. Zuberotar kantari onenen artean da Maddi Oihenart. Inork baino hobeki xaramelatzen ditu kantu ohizkoak baita gaurko idazle batzuen testuak ere.
Martxoaren 19an, Beñat Achiary eta Philippe de Ezcurraren txanda izango da. Iparraldeko bi seme, musika eta kantu berrien asmatzaileak. Aukeratu dituzten kantu hitzen idazleak dira: Bernardo Atxaga, Joxanton Artze, Henriette Aire, baita ere munduan zehar ibiliz entzun dituzten kantu tradizionalak edota gaurkoak.
Martxoaren 26an berriz Nahia Zubeldia eta Manu Matthys etorriko dira. Kontzertua bi zatitan izango da: lehenik, Nahia Zubeldia ziburutar gazteak kantatuko du, bakarrik, gitarra akustikoarekin. Kantuen hitz eta musika guztiak berak idazten ditu, euskaraz. Bigarren zatian, Manu Matthys gehituko zaio, Nahiak asmatutako kantu batzuk soinu elektronikoz apainduz.
Mintzaldi bat
Iparraldea Bertan! zikloaren baitan hitzaldi bat ere egongo da, martxoaren 12an, 19:30etan, Eneko Bidegain idazle eta unibertsitateko irakaslearen eskutik. Euskal Herriaren zati handi batek ez zuen parte hartu 1914ko Gerla Handian, Espainiaren jarrera neutroaren ondorioz, nahiz eta Europa gerran egoteari esker zenbait eskualde aberastu ziren. Aldiz, Ipar Euskal Herriko 49 urtez behereko gizon guztiek joan behar izan zuten gerrara. Denak ez ziren joan ordea, milaka intsumitu eta desertoreak izan zirelako. Joan zirenen artetik, milaka lagun hil ziren, gudu lazgarrietan, lau urte baino gehiago baldintza ezin gogorragoetan egon ostean. Gertakari erdiragarri hura izan zen Frantzia nazio gisa eraikitzeko prozesuaren azken urratsa, eta sekulako eragina izan zuen Ipar Euskal Herriko euskaldunek beren burua frantses sentitzean, frantsesik ia batere ez bazekiten ere. Hilen oroitzapenak eta gudari horien goraipatze sariek balio izan zuten, ondoko urteetan, frantses sentimendu hori are gehiago errotzeko.
Iparraldea bertan!
Non: Areto Nagusia, Koldo Mitxelena Kulturunea
Noiz: 2014ko martxoak 5, 12, 19 eta 26
Ordua: 19:30
Erakusketa: Hitz-Enea martxo osoan liburutegian
Estreinaldia: otsailaren 27an, 20:00etan.
Oskar Alegria zinemagilea eta Sustrai Colina bertsolariarekin
Antolakuntza: KOLDO MITXELENA Kulturunea eta Euskal Kultur Erakundea (EKE)