Iparraldea Bertan 2017
Koldo Mitxelena Kulturunea eta Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Iparraldea Bertan 16. edizioa. Hona hemen aurtengo egitaraua:
Martxoak 9, osteguna , 19:30
Kontzertua
Peio Ospital
Peio Ospital aspaldiko ezaguna dugu, euskal kulturaren pizkundearen urteak bizi ukan ditu Pantxoa Carrère kantari eta musikariarekin, 40 bat urtez kantari ibiliz Euskal Herri osoan gaindi.
Orain, bide berri eta pertsonalagoak landu nahi ditu eta eskainiko duen kontzertu honetan, Arnasa, hatsa, bizia deitu bere azken diska aurkeztuko du. Berak dionez, kantuek norberaren egunerokotasunaren isla eta ospakizuna aldarrikatzen dituzte, eguneroko bizitza iruten duten poz, pena, nahigabe, gozamen, etsipen eta itxaropenen isla, egunerokotasun konpartitua edo partekatua.
Lan hau bideratzeko, laguntzaile eta idazle paregabeak ukan ditu, hala nola Andoni Salamero Alberdi, Itxaro Borda, Joxe Arregi, Martine Larroque, eta musikarentzat Mixel Ducau eta Paul Smet flandriarra.
Martxoak16, osteguna , 19:30
Irakurketa musikatua
Etxea eta etxekoak
Hizlaria: Daniel Landart
Zatien irakurleak: Kattalin Sallaberry eta Pantxoa Etchegoin
Bertsoen kantaria eta musikaria: Pantxoa Carrère
Ekitaldi hau Etxea eta etxekoak euskal literaturan Daniel Landartek osatuliburuan oinarritzen da. Aukeratu dituen idazleek aipatzen dituzte beren baserriak edo eraiki dituzten etxeak, gogoratzen etxekoen zorionak, beldurrak eta kezkak, beste batzuk fabula bidez edo metaforak erabiliz ari dira.
Idazleak Euskal Herri osokoak dira baina leku garrantzitsua emana zaie Iparraldekoei: Manex Erdozaintzi-Etxart, Eñaut Etxamendi, Iratzeder, Piarres Larzabal eta Xalbador besteak beste. Hegoaldekoen artean aldiz aurkitzen ditugu: Xabier Amuriza, Joxan Artze, Arantxa Urretabizkaia, Lazkao Txiki, Gabriel Aresti etab.
Gai ukigarria, gai minbera, gai zabala, gai betierekoa: Etxea eta etxekoak!
Martxoak23, osteguna , 19:30
Kontzertua
Maialen
Maialen kantaria Euskal Herriko taula gainetan dabil zonbait urte hauetan, bere karisma eta kantatzeko kemena eskainiz publiko gero eta zabalagoari.
Musikari talde berri baten konplizitatearekin (Pat Tétevuide, Iban Larreboure, Raphaél Ferreira) ibilbide eder honek bideratu du Biluzik deitu azken diskaren argitaratzea. Maialenen biziak, iraganak, bere ingurumenak, hunkitzen duten egoerek, bere nortasunak dituzte iradokitzen lan horretan agertzen diren kantu bereziek. Pop-rock blues kutsuarekin egin diska horretan, Maialenek ditu idazten eta konposatzen pieza gehienak. Artistak bereziki estimatzen ditu ere Itxaro Borda eta Jean-Louis Errotabeheren lumak.
Gaur egun, bere bide artistikoa zabalduz doa kontzertu eta proiektu desberdinetan: Hego eta Ipar Euskal Herrian, Bretanian, Bartzelonan, Parisen, Quebecen, Argentinan, Hungarian…
Martxoak23, osteguna , 19:30
Dokumental proiekzioa
Haien gaztaroan, iragana agerian
Errealizadorea: Elsa Oliarj-Inès. Parte hartuko du Tximun Carrère, Aldudarrak-Bideoko zuzendaria.
Nola egiten da egoiteko betidanik bizi izan den lekuan? Nola jakin hemen dugula bizi nahi? Elsa, Atharratzeko filma egile gaztea 18 urteetan Euskal Herritik joan zen. Bere hautzaroko lagunak aldiz Xiberoan bertan egon ziren. Hiritik urrun, amalurretik hurbil… sorterrira itzultzen da bere adineko gazteak elkarrizketatu eta filmatzeko. Saiatzen da ulertzen zerk atxikitzen dituen hain sendoki herriari, kulturari edo familiari. Herrian egoitea: hautu bat ote da ala berez doan eginkizuna?
Filmaren ondotik, Aldudarrak-Bideo lantegiko Tximun Carrère zuzendaria hor izanen da filmari buruzko xehetasun batzuren emateko.