Iparraldea bertan 2019
Koldo Mitxelena Kulturunea eta Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Iparraldea Bertan 18. edizioa. Hona hemen aurtengo egitaraua:
Martxoak 7, osteguna, 19:00
Kontzertua
Mattin LERISSA
Mattin Lerissa (Behorlegi, Nafarroa Beherea, 1999) euskal abeslariada, kantautorea.
19 urte besterik ez izan arren, ibilbide oparoa du Lerissak dagoeneko. Bi diska kaleratu ditu orain arte: ‘Bidez bide’ 2016an eta ‘Gazte naiz gazte’ 2018ko abenduan.
Lehen diskoan ohiko kantu herrikoiak landu bazituen ere, sorkuntzan areago sakondu eta berak osatutakoak dira ‘Gazte naiz gazte’ diskoko kantuak. Hitzak aldiz, hainbat poeta eta idazlerenak ditu: Manex Pagola, Pantzo Hirigarai edo Daniel Landartenak besteak beste.
Berarekin batera Mixel Ducau (saxofoia eta gitarra), Pat Tetevuide (gitarra), Sebastien Desgrans (eskusoinua), Jokin Irungarai (perkusioak), Xabi Etxeberri (arrabita) eta Matthieu Haramboure (gitarra apala). Plazera da zinez ongi lagundutako kantari honen ahots bereziaz gozatu ahal izatea.
Martxoak 14, osteguna , 19:00
Ikuskizuna
CAUBET gogoan : Jean-Mixel Bedaxagar, Titika Rekalt, Juan Mari Beltran
Jean-Pierre Caubet Chubuco Arhan Xiberoko musikari haundia zen, eta oroz gainetik txanbela joilea. 1977-1978 urteetan argitaratu zuen “Txanbela bezala ari da khantatzen” deitu diska harroin bezala hartuz, eta honen berrargitalpen osatuago bat eginez 2018an, Lakarriko musikari aparta hau ezagutu zuten hiru lagun elkartu dira Caubeti buruzko gogoeta bat egiteko eta haren musikan eta bizitzan oinarritutako zuzeneko emanaldia prestatzeko. Jean Mixel Bedaxagar, Titika Rekalt eta Juan Mari Beltran dira proiektu berri honen sortzaile eta parte-hartzaileak.
Hirukote honek Caubeten omenez prestatu « CAUBET gogoan » deitu emanaldi hau hiru osagai ditu : Titikaren narrazio poetikoa, Jean Mixelen kantatzeko maisutasuna eta Beltranen txanbela, alboka eta xirolarruaren joaldiak.
Lakarriko txanbelariaren abestiak, joaldiak eta hitzak harturik, hiruen artean landu eta prestatu dute doinuz, hotsez, poesiaz eta maitasunez osatutako emanaldi hunkigarri bat.
Martxoak 21, osteguna , 19:00
Irakurketa musikatua
“Oroitzen naizeno”
Maddi Zubeldia eta Bernadette Iratzoki-Luro
Zer da zahartzaroan memoriak ihes egiten duelarik gelditzen dena? Non dago pertsona egoera zatikatu horretan?
Bi ahotsez eginiko irakurketa taularatua eta musikatua da hemen aurkeztuko duguna. Pertsonaia nagusia zahar etxean dagoen adineko emaztea da. Bere gogoeta sinpleak egiten ditu, orainean kokatua da, memoria galtzen ari baita.
Bigarren pertsonaia bere memoria da, joan-jinean ariko dena, emaztea hitzik gabe gelditzerakoan ordezkatzeraino.
Bideoa: Agurtzane Andueza
Martxoak 28, osteguna , 19:00
Kontzertua
Jon ITCAINA
Jon Itcaina kantariak Brasileko soinu eta koloreen artean ibili den xoriño baten bidaia abesten du.
Bidaiariaren gogoetak eta sendimenduak euskaraz adierazten ditu, Brasileko erritmo bizi eta moldaketa aberats batzurekin. Itsasuko dantzari eta txistulariak elkarrizketa mestizo bat sortzen du Itsasoaren eta muga guzien gainetik. Hala nola, euskal kantu herrikoiak eta sorkuntzak aurkezten ditu bai eta ere Brasileko kantu eta musikak batzuen egokitzapenak.
Musikariak : Mathieu Bordenave (gitarra) ; Patrick Calvet (perkusioak), Christophe Juste “Kutx” (txistua eta flauta)