Iparraldea Bertan zikloa bueltan da otsaileko ekitaldi batekin
Otsailaren 28an, 19:00etan
Iparraldea Bertan zikloa bueltan da otsaileko ekitaldi batekin
Iparraldea Bertan 2024 errealitate bat da jada. XXIII. edizioak lau topaketa izango ditu:
- Otsailaren 28koa
- Martxoaren 6koa
- Martxoaren 13koa
- Martxoaren 20koa
Aurreneko asteazkenean, berriz elkartuko gara Habia - LagunArte konpainia taldeari esker, hauxe 2019an sortu zen «Animalia» ikusgarriaren musika jotzeko. Kristof Hiriartek, LagunArte konpainiaren sortzaile, zuzendari eta musikariak, hari eta kantarientzako piezak hautatu, idatzi eta egokitu ditu. Kontzertu bat eskainiko da eta hiru hari eta hiru ahots arituko dira aldi berean. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko.
Partaideak: Elena Haira (altoa, ahotsa); Amaia Hiriart (txeloa, ahotsa); Maia Iribarne Olhagarai (biolina, ahotsa); Frank Suarez (aurkezlea).
Hizkuntza: euskara
Datozen ekitaldiak:
Martxoak 6, asteazkena | 19:00
Haize leizean liburuaren aurkezpena
Elise Diletek eta Antton Hariñordokik beraiek idatzitako eta Ainize Butronek ilustratutako Haize leizean nerabeentzako eleberria aurkeztuko dute.
Liburuaren sinopsia: Haize nerabe bakartia da, amarekin bizi da baina azken hau zainetarik eri da. Musikan trebe da Haize eta etxetik urrun den musika eskola famatu batean sartzeko proposamena heldu zaio: hautu bat egin behar du, ezezagunera jauzi erraldoia egin, ala bere egunerokotasunean egon, amaren ondoan. Behin, kolegioarekin, Izturitzeko leizeetara doa bisita baten egitera eta han Madelaine aroko neska gazte baten baitan gorpuztuko da.
Elise Dilet, Biarritzekoa, 1971n sortua, dokumentalista da IKAS pedagogia zerbitzuan. Haren ibilbide profesional anitzak bi ardatz nagusi ditu: hezkuntza eta idazketa. Haize leizean haren hirugarren euskarazko eleberria da.
Antton Hariñordoki Bankan sortua da (1970), itzultzaile profesionala da eta, Elise Dilet-ekin batera, hiru eleberri idatzi ditu: Intza eta Tomas. Sorginaren sekretua (IKAS, 2020), Intza eta Tomas, Laminaren iturria (IKAS, 2023) eta Haize leizean (ELKAR, 2023).
Ainize Butron Arana Baionan sortua da, 1974an. Arte eskola eginik, gaztetan, Baionako arte eskolan lehenik eta Bordelen ondotik, lanbidez kazetari da orain. Horrekin batera, tindatzen du, betidanik.
Partaideak: Elise Dilet (autorea); Antton Hariñordoki (autorea); Ainize Butron (ilustratzailea); Frank Suarez (Aurkezlea - Euskal kultur erakundea).
Hizkuntza: euskara
Martxoak 13, asteazkena | 19:00
ARRIOLA-EZCURRA Bikotea
Bata Baxenabarrekoa da, eta bestea Lapurdikoa. Biak soinu jotzen hasi dira beren herrietako ohizko musikak bereganatuz eta biziki goizik Euskal Herriko oinarrizko kulturak diren dantzaldien, dantzaren eta kantuaren esperientzia lortu dute. Geroztik, beren praktikak aberastu dituzte hainbat musika korronte ezberdinei idekiz, hauen artean gaurko musikak, inprobisazioa edo musika klasikoa.
Davidek eta Philippek aspaldidanik elkar ezagutzen dute eta hainbat egitasmoetan bateratu dira. Halaber, Baionako Maurice Ravel kontserbatorioan, irakaskuntzaren eta transmisioaren pasioa partekatzen dute.
Arriola-Ezcurra bikotea sortu da beren historiaren zatia den musika berriz aurkitu nahi baitute, ohizko musika bainan gaurko interpretazio bizi-biziarekin, eta bapateko sormen askearekin. Euskal Herriko doinuak bainan ere beste herrialde eta kulturetakoak (Brazil, Hego Amerika, Balkanak…) gustukoak dituzte. Ondorioz, zuekin partekatu nahi lituzkete egiazko bidaia musikal batean, non dantza, kantua eta poesia egitarau berriaren bihotzean izanen diren.
Partaideak: Philippe de Ezcurra (akordeoia, ahotsa); David Arriola (saxofoiak); Frank Suarez (aurkezlea).
Hizkuntza: euskara
Martxoak 20, asteazkena | 19:00
Ekhi Lambert: Inbasioak
Bere bakarkako bigarren diskoarentzat, Ekhi Lambertek hainbat musikarirekin obra oparo, zorrotz eta anbiziotsua sinatzen du. Inbasioak diska anitza iragartzen da, bazter, xoko eta pasabidez betea. Pop orkestralaren ildoan, musikari desberdinen laguntzarekin gauzatu izan du lan hori: hauek dira Oiasso Kameratako sokak, Joseba Irazoki, Félix Buff, Oihan Oliarj-Ines, Ludovic Leriche edo Vincent Mougel. Azken hau Iparraldea Bertan zikloaren baitan burutuko den kontzertuan Ekhi Lambertekin batera gurekin izango da. Diskoa 2023ko primaderan grabatua izan da Garate (Kaki Arkarazo) eta Shorebreaker (Johannes Buff) estudioetan. Taula gainean, kantagintza eta poesiari lehentasuna emanez, Ekhi Lambertek seikote edota bikote moduan aurkezten dizkigu bere kantu berriak. Lehen partituretatik azken grabaketa sesioak arte, amets batek arrarokeriak bizikide egiten dituen gisan, Ekhi Lambertek atmosfera elegante eta epiko baten jostea lortu du. Musika orkestral horren lerroetatik at, askatasun espazio handiak utzi izan zaizkie musikariei. Hastapen batean lan bakartia zena kolektiboa bilakatu da, nolazpait inbaditua. Orkestrak gailur magnetikoak igaiten dituenean ere, sinfoniak ahots bakartiaren oihartzuna xumeki segitzen du, olerki labur batzuen musikatzekotan.
Vincent Mougel jatorriz Lorrenako haran industrial batekoa da. Pop disko zenbaitzu argitaratu ditu Kidsaredead izenpean, batez ere The Other Side of Town (2014), Botanical House label japonesaren pean. Azken hamar urteetan, bere multi-intrumentista gaitasunak besteen zerbitzura baliatu izan ditu: Herman Dune, Emmanuelle Parrenin, Fitness Forever, Halo Maud, Juliette Armanet, Mathieu Boogaerts, les Innocents. 2020an, bi dokumental sailen musika idazten du Pompidou Zentroa eta Alsaziar Museoarentzat.
Partaideak: Ekhi Lambert (ahotsa, gitarra elektrikoa); Vincent Mougel (ahotsa, teklatua); Frank Suarez (aurkezklea).
Hizkuntza: euskara
Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatutako zikloa da hau, Euskal Kultur Erakundearen (EKE) laguntzarekin. Saio guztiak 19:00etan izango dira KMKko Areto Nagusian, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan, eta euskaraz izango dira.