IPARRALDEA BERTAN (XXII.EDIZIOA)
2023ko martxoan izango dugun Iparraldea bertan zikloaren XXII.edizioaren aurkezpena

IPARRALDEA BERTAN (2023ko MARTXOA)
Iparraldea bertan zikloaren XXII.edizioan, euskal kultura eta historia lau haizetara zabaltzeko helburuarekin jarraitzen dugu. Muga fisikorik ez izan arren, muga psikologikoek iparraldearen eta hegoaldearen artean jarraitzen dute. Ondorioz, jendearekiko hartu-emanak eta kultura-eragileekiko esperientzia artistikoak ezinbestekoak dira hedapen horretarako. 2023eko martxoko hiru proposamenetan musikaz, narrazioez eta zinemaz gozatu ahal izango duzue.
Saio guztiak euskaraz izango dira, KM Kulturuneko Areto Nagusian, arratsaldeko 19:00etan.
2023ko martxoak 7a, asteartea (euskaraz)
Julen Achiary eta Maddi Oihenart | 19:00etan
Aurkezlea: Frank Suarez
Julen Achiaryren musikak bere haurtzaroan jasotako Euskal Herriko basa ahaideen kantuen tradizioa eta ondoren egin dituen bidaietan topatutako munduko kultura ezberdinen ekarpenak uztartzen ditu. Bere aldetik, Maddi Oihenartek Zuberoa aldean biziraun den mendiko artzainen kantu-tradizioaren ezaguera sakona dauka, haien moduan a capella abestuz eta naturan errotutako gaiak jorratuz, enfasia betiere emozioan jarriz. Biak elkartu dira euskal kultura herrikoiaren legatu ederrenetariko bat eskaintzeko gaualdi hunkigarri batetan.
Julen Achiaryk munduari irekidura segurra duen eta zohitzen ari den musikari Euskaldun belaunaldi berri batekin bat egiten du. Bere haurtzarotik, Euskal kulturarekiko elkarrizketa hazkurritsuak formatu du, Xiberoako kantarien kontaktuan sustraitzen dena. Haiek diote kantuaren eta Basa Ahaideen amodioa transmititzen. Bere xendera ez da gelditua eta esklusiboa den musika batena, bainan alderantziz, irekidura, elgarretaratze transmisio batena, sorkuntzan berpizten dena.
Maddi Oihenart Zuberoan jaiotako euskal abeslaria da. Euskal musika herrikoia berreskuratzen duen ahots miresgarrienetako bat da, bere ama-herria den Zuberoa aldeko basa ahaideen kantuen tradizioa bizirik mantentzeko ekarpen handienetako bat egin duelarik. Euskal musikari askorekin elkar-lanean aritu da, besteak beste, Mixel Etxekopar eta Mixel Arotze, Juantxo Zeberio, Juan Mari Beltran edo Julie Läderach. Bere abesti propioak konposatzeaz aparte, euskal idazle ugarien olerkiak eta bertsoak ere abesten ditu.
2023ko martxoak 14a, asteartea (euskaraz)
Lurbinttoko ohoinak | 19:00etan
Partaidea: Adur Larrea
Aurkezlea: Frank Suarez
Adur Larrea marrazkilariak Lapurdin XVIII. mendean gertatutako pasarte historiko bat ezagutarazten du 2022an Elkarrek argitaratu duen Lurbinttoko ohoinak komikian. Liburuak 1795 urtean kokatzen gaitu: Konbentzio Gerla amaitu ondoren, Ezpeleta, Itsasu eta Kanbo inguruetako soldadu ohiak deportatu eta exiliatu ohi batzuekin elkartzen dira eta gerlan bereganatutako esperientziaz eta armez baliatzen dira gudara igorri zituztenak jazartzeko. Saio honetan Adur Larreak bere sortze prozesuan sakonduko du, dokumentazio idatzi eta grafikoan eta komikian kontatzen den kokapen historikoan murgilduz.
Adur Larrea animazioa eta komikigintza bateratzen dituen marrazkilari bilbotarra da. Azken disziplina honi gagozkiolarik, Gabriel Aresti BioGrafikoa (Erroa, 2015); Arditutakoak, Mikel Begoñaren gidoiarekin (Bertsolari aldizkaria, 2017); Antzara eguna, Harkaitz Canorekin batera (Txalaparta, 2019); Burgosko auzia. Iraultza eta bizi, Mikel Antzarekin batera (Gara, 2020), eta Lurbinttoko ohoinak (Elkar, 2022) dira aipagarrienak.
2023ko martxoak 21a, asteartea (euskaraz)
Bañolet | 19:00etan
Partaideak: Maia Iribarne Olhagarai eta Paxkal Irigoyen Etxeberri
Aurkezlea eta moderatzailea: Beñat Iturrioz
Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyen Etxeberrik idatzi eta zuzendutako Bañolet filmaren proiekzioa. Bañolet Garazi eskualdeko biztanleekin garatutako euskarazko film proiektu partehartzailea da. Eiheralarreko herrian grabatu zen 2021eko udan, herritarrak aktore jokoan harraraziz. Filmak kontestu geopolitiko berezi batean eraiki den asmatutako herri bat aurkezten digu, populu zapalduek berriki berkonkistatu duten lurralde batean kokaturik. Pelikulak haurtzaroko begirada oinarri gisa hartzen du, hauen gogoetak eta jokoak erreferentetzat hartuz. Luzemetraiaren proiekzioaren ondoren solasaldia eta jarraian kontzertu txiki bat eskainiko dizkigute, filmarako biok konposatu eta grabatu duten musika originala zuzenean interpretatuz. Beraiekin Beñat Iturrioz Perez izango da moderatzaile rolean, Hernaniko zinemagilea eta 2017an sortutako Bira Produkzioak kooperatibaren kidea.
Maia Iribarne Olhagarai (1995) haurtzarotik musikaren munduan ibiltzen da: biolinean eta kantuz, proiektu ezberdinak integratzen ditu. Ikus-entzunezko ikasketak burutu eta dokumentalgintzan berezitzen da. Xofaldia kolektiboa sortzen du 2019an, Garazi eskualdeko lagun artista desberdinekin. Gaur egun, musikan segitzen du (Habia, Bloñ), ikus-entzunezko grabaketetan lan egiten du eta Bañolet proiektua ko-zuzentzen du.
Paxkal Irigoyen Etxeberri (1988) musikaria da. Azken urteetan hainbat taldetan parte hartu du, taldeka edota bakarka. Dantza ikusgarrien musika ere sortu izan du (Bilaka eta Elirale konpainiekin besteak beste). Bere sentsibilitate berezi, irudimen ero eta sormen gaitasun handiari esker proiektu artistiko ugari bultzatzen ditu, musikan, antzerkian edota ikus-entzunezkoetan. Gaur egun, musikan aritzeaz gain (Frigo, Fifita, Bloñ, Piko…), Bañolet proiektua ko-zuzentzen du.
Beñat Iturrioz (Hernani, 1981). Disziplina anitzeko sortzailea da, bideogile, musikari eta herri zinemagintzalaria. 2017tik Bira Produkzioak kooperatibako kide-sortzailea. Honen baitan ikus-entzunezko hainbat lan sortu ditu, haien artean Ibaia ez da toki bat eta Sans Nom Sarea dokumentalak. Bañolet seriean, berriz, argazki zuzendaritza lanetan aritu da. Gaur egun, Bira Produkzioaken egiten du lan, zuzendaritza, kamera eta postprodukzio lanak burutuz.