Iraganeko zikloak gogoratuz. Crossover

Koldo Mitxelena Kulturuneak etxe honetan egindako zikloen berrikuspena egitea proposatzen dizue. Behean dituzue "Crossover" festibaleko ekitaldi batzuetako bideoen estekak. Telesailei eskainitako festibalak dira, azken urteotako fenomeno kultural garrantzitsuenetako bat, eta kultur espazioan leku nabarmena izatera pasatu dena.
Azken 25 urtetan, espazio kulturalean leku garrantzitsu bat betetzen hasi dira telesailak. Telesailen goraldi hau nola sortu den aztertu nahi dugu. Telesailak zein punturaino ari dira aldatzen produktu kulturalak kontsumitzeko daukagun modua? Burbuila bat besterik ez al da? Edo benetako egitura eraldaketa bat al da? Gure garaiko arte aipagarria al dira telesailak?
Telesailak gizartearen ispilu izan dira askotan, iraganaren edo egungo errealitatearen inguruko gaiak jorratuz. Azken urteotan, ordea, oraindik ezagutzen ez dugun etorkizunaren isla izateko ahalegin handia egin dute telesail ugarik, dela distopia futuristak baliatuz, dela pertsonaia, rol edo narratiba berriak erabiliz. Saioan, parte hartzaileek gaiaz jardungo dute munduko hainbat telesailetan murgilduz.
"Crossover: Un lenguaje transversal", M. Barroso, M. Gaztambide
Gaur egun, diziplina eta lengoaia artistiko ezberdinen arteko bidegurutzetzat jo daitezke telesailak. Telesailen goraldiarekin batera, kontatu eta kontsumitzeko moduak ere aldatu dira. Gehiegikeria al da telesailak zinemarekin eta literaturarekin ere alderatzea? Interes ekonomikoak al daude horren atzean? Atzerapauso bat eta entretenimenduaren diktadura modu berri bat al dira? Ala errealitatearen konplexutasun osoa islatzeko gaitasun gehien duen lengoaietako bat?
"True crime: la realidad más oscura", E. León, H. Taberna, J. Webster
Azken urtetan True Crime izeneko generoarekin zerikusia duten telesail ugari sortu dira. Ekoizpen horietako askok arrakasta handia lortu dute, bai publikoaren bai kritikarien artean ere: besteak beste The Jinx edo Wild Wild Country telesailek eta Casting Jon Benet filmak. Espainian ere adibide aipagarriak dauzkagu: Helena Tabernaren Nagore filma edo Lo que la verdad esconde: El caso Asunta, Elías León Siminianirena, baita Justin Websterren Muerte en León ere.
"Goenkaletik Go!azenera: Telebistarako euskal fikzioa", O. Beobide, A. Larrañaga, X. Zabaleta
Telebistarako euskal fikzioak ibilbide luzea egin du gaur arte. Goenkale telesaila da telebistarako euskal fikzioaren mugarrietako bat, 21 urtez eman ondoren. Gaur egun Go!azen da euskal telebistaren fenomeno berria: batez ere gazteen artean arrakasta duen telesaila, fikzioa eta musika uztartzen dituena. Xabi Zabaleta -Go!azenen sortzaileetako bat-, Ainhoa Larrañaga -aktore protagonistetako bat- eta Olatz Beobide -Goenkaleren errealizadorea- euskal fikzioaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz arituko dira.
"Cobeaga / San José: La extraña pareja", B. Cobeaga, D. San José
Borja Cobeaga Diego San Josérekin solasean. Diego San José Borja Cobeagarekin solasean. Banandu ezin den bikote honek espainiar komedia berriaren sorkuntza prozesua aztertuko du. Ideiatik gidoira eta hortik errealizaziora, Cobeagak eta San Josék proiektu bat aurrera ateratzeko gakoak zeintzuk diren azalduko digute.
"Más allá de la mafia: Series Italianas del siglo XXI", J. Carrión, M. de Chiara, L. Mejino
Azken urteotan, goi mailako telesail handinahien produkzioagatik nabarmendu da Italia. Gomorra, The Young Pope eta Il Miracolo nazioarteko telesail dramatiko onenen artean lehiatzen dira. Gure gonbidatuek hiru maisulan hauei buruz eta plataforma espainiarretan ikusi daitezkeen beste batzuei buruz -Maltese, L’amica geniale, 1992 edo Romanzo Criminale, besteak beste- hitz egingo dute.