Iraileko bideo nobedadeak
Hona hemen abuztuan iritsi eta katalogatu diren bideo berrienak. Eskuragai daude mailegu bidez etxera eraman ahal izateko edo liburutegian bertan ikusteko. Chloé Zhaok zuzendu duen “Nomadland” -2021eko Oscar sarietan film onenaren, zuzendari onenaren eta aktore onenaren saria jasotako filma- nomadismo garaikidearen erretratu bat da, eta dolu prozesuaren azterketa bat egiten du. Julien Templek, Ralph Steadman ilustratzaile ospetsuaren elkarrizketen, artxiboko irudi ezezagunen eta animazioen bidez, “Crock of Gold, bebiendo con Shane MacGowan” dakar, 2020ko Donostiako Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Bereziaren irabazlea. Bertan, pertsonaia karismatiko bat aurkezten du, bere abestietan musika irlandar tradizionalaren poesia eta punk-rockaren energia bizia batzen jakin zuena. Martin Sulíken “Sin olvido” filmak zuzenean jotzen du ikuslearen bihotza, nazien Holokaustoaren biktima izan zirenen barkamenaz eta aitorpenaz hitz egiten duen road movie baten bidez. Anastasia Mikovak eta Yann Arthus-Bertrandek zuzendutako “Woman” dokumentalak amatasuna, hezkuntza, ezkontza, independentzia ekonomikoa, hilekoa edo sexualitatea bezalako gaiak jorratzen ditu.