Iraileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Iraileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
Mila Beldarrainen "Bajo el roble" eleberrian bi emakume protagonistek beren burua aurkitu arte egin behar duten bidea kontatzen da Donostia eta Madril artean. Maitasunaren eta desamodioaren istorioa, bi ikuspegitatik aztertuta. Nobela hau sentimenduen mosaiko bat da, nortasun bila egindako bidaia bat edo bizitzari aurrez aurre begiratzen dioten bi emakume oso ezberdinen erretratua.
Begoña Ameztoyren "Nora" thriller bikaina da, argumentu-jario anitz eta elkarrizketa ugariz eraikia, pertsonaia ikaragarri eta krudel batzuen ekintza izugarria ere badauzkana. Trama liluragarria, zehatz-mehatz eraikia, non ezustekoak eta zirrarak nahasten diren. Protagonistetako batek ere ezingo luke aurreratu amaiera harrigarri bezain saihestezinaren gogortasuna.
Ariel Florencia Richardsek "Amaitu gabe" lanean planteatzen duen gogoeta ugarietako bat da noizbait genero batetik bestera ibiltzeko esperientzia amaitzen ote den. Protagonistak bere amarekin egiten duen bidaia bat kontatzen duen bitartean, bizi duen bakardadea eta esan gabeko identitate baten tristura geldiarazteko egiten duen saiakera da gakoa. Baina, gainera, aldi berean, badirudi badirela helbururik gabeko denbora eta erabakiak.
Noelia Lorenzo Pinoren "Purasangre" eleberrian, ondo garatutako narrazio burutsu baten bidez, trama zirraragarri eta guztiz gurutzatua sortzea lortu du egileak. Bertan, abiadura oso arina ez izan arren, erritmoa konstante mantentzen da une oro eta aurre-ikusi daitekeen amaierara iritsi aurretik, ezusteko bira bat gordetzen du narrazioak, argi izpi guztiak itxiz.
Jesus Toral kazetariaren laugarren eleberria da "Solo esta noche". Bertan hiesa, erlijioa, 90eko hamarkadako homosexualen arazoak eta bere protagonistaren bidezko arraza-diskriminazioa jorratzen ditu, protagonista telebistako aurkezle ospetsua dela azpimarratuz.
Clara Dupont Monoden "Adaptarse" istorio samurra eta hauskorra da. Egileak familiaren historiarekin enpatizatzen du sentimentalismotan behin ere erori gabe. Sufrimenduaren aurrean erortzen ez diren pertsonez dihardu, sufrimendua nola eramaten duten, nola jasaten duten azalduz, etadena ahapeka hitz eginez, zuhurtasunez eta ziurtasunez.
KOMIKIAK
"Luces de Niterói" komikia Guanabara badian kokatua dago Brasilen. Marcello Quintanilha komikigilearen aitaren abentura bat kontatzen da bertan, laguntasuna eta suspentsea oinarri dituen istorio batean.
"Cultivo orgánico: el cómic" Denis Pic Lelièvrek egindako lorezaintza ekologiko modernoaren biblia da tira komikitan. Bineta on batek diskurtso handi batek baino askoz gehiago esan dezakeela dioten bezala.
"La mejor historia de Zinco jamás contada" Zinco argitaletxearen historian murgiltzen gaitu. Zincok komikiak Espainian argitaratzeko modua aldatu zuen duela lau hamarkada DC etxeko heroiak merkatura ekarriz.
Maia Kobabek modu autobiografikoan kontatzen du "Género queer" komikian bere nortasuna ezagutzeko bidaia, nerabetako lehen maitasun nahasietan nola dabilen ez-bitarra eta asexuala dela deskubritzeko modua nolakoa izan den bere kasuan.
André Franquin komikigileak "Ideas negras" izenburupean kritika eta salaketa egiten du. Umore beltza ardatz dauzkalarik erlijioa, heriotza-zigorra, gerra, energia nuklearra eta beste hamaika gai jorratuz.
"Mademoiselle Mozart" ukronia bat da, Mozart neskato bat bezala jaioko balitz zer gertatuko litzatekeen kontatzen du. Yoji Fukuyamaren istorio historiko, biografiko eta kostunbrista da komiki hau.