Iraileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Liburutegian azken hilabetean zehar jasotako eleberri eta komiki berrienak eta baita aukeraketa bat ere
Iraileko komiki eta eleberrien nobedadeak
Iritsi berriak dira nobedade hauek mailegura. Azken asteetan jasotako fikziozko lanen zerrenda duzue jarraian, eta baita horien arteko aukeraketa bat ere modu xehetuagoan. Hemetxe irakurri, estekaren bidez katalogara sartu eta erreserbatu dezakezue gustukoena gero bila pasatuz (Errege-Erregina katolikoen kaleko 16 zenbakian). Gozatu!
ELEBERRIAK
María Morales Carsonen “Romper la fila” eleberrian Madrilgo ikaslea den Naret Claveler aurkezten digute. Honek Europan zehar bidaia bat hasiko du maitasun-haustura baten ondoren, “El fugitivo” filmaren promozioan dabilen Harrison Ford ezagutzeko asmoarekin. Ihesaldi bat bezala hasten dena auto-aurkikuntza esperientzia bihurtzen da. Bidean zehar, berak eta bere lagunek — Bertha, Nuria eta Alazne — beren krisi pertsonalei aurre egiten diete, beren artean konektatzen dira eta harreman toxikoei buruz hausnartzen dute. Aldi berean, bere lagun Alisterrek bere identitate sexuala espiritualtasunaren bidez onartzeko prozesua hasiko du.
"No tengas miedo" Stephen Kingen azken eleberria dugu. Buckeye Cityko poliziak, hamahiru errugaberen hilketaz eta errudun baten berri ematen duen gutun kezkagarri bat jasotzen duenean, Izzy Jaynes detektibeak, Holly Gibneyrengana jotzen du laguntza bila. Aldi berean, Kate McKay aktibista, hitzaldi-bira betean, gero eta arriskutsuagoa den jazarlearen jomuga bihurtzen da. Bi ikerketen artean loturak aurkituko dituzte, Holly, geroz eta handiagoa den arrisku egoera baten erdian aurkituko delarik.
Javier Sagastiberriren eleberri honetan "Beltza" ezagutuko dugu, bere nortasuna inoiz agerian uzten ez duen hiltzaile honek, 70eko hamarkadaren amaierako Bilboko bere bizitza nola utzi zuen kontatzen du, erakunde terrorista baten zerbitzura zegoen eliteko tiratzaile bihurtzeko. Denborarekin, talde hori hautsi eta asko eskatutako sikario bihurtzen da. Indarkeriak, traizioak eta mendekuak markatutako sare batean, ikertzaile gisa ere jardun beharko du, bere bizitza eta ingurukoena mehatxatzen duen sekretu bat aurkitzeko.
Laura Azconaren “El pacto invisible”. Gazte bat Vianatik gertu dagoen aintzira batean hilda agertzen denean, Julia Arrondok inspektoreak, sorginkeri elementu posibleez markatutako kasua ikertzen du. Arrastoek belaunaldi ezberdinetako hiru emakumek osatutako tokiko familia batera daramate. Sineste herrikoien eta zalantza arrazionalen artean, Juliak, heriotza misteriotsu horren atzean dagoen egia argitu beharko du.
Alvaro Pombok, idatzitako “La fortuna de Matilda Turpin” Lobreña Espainiako iparraldeko irudimenezko leku batera eramaten gaitu. Honetan, Matilda Turpin emakume aberatsaren istorioa kokatzen du. Hamahiru urtez Filosofiako katedradun batekin ezkonduta eta hiru seme-alaba izan ondoren, finantzen munduan barneratzea erabakitzen du. Bere hautu handinahiak haustura-puntu bat markatzen du proiektu komun bati eusten saiatzen diren bi bizi-bide ezberdinen artean.
KOMIKIAK
“Elixir”, Frank J. Barbiere eta Ricky Mammoneren gidoia eta Victor Santosen irudiekin.Teknologiak magia ordezkatu duen mundu futurista batean, druidek eta korporazioek gerra isila dute. Mara, druida baten alabak, magia mundura itzul dezakeen Elixirra berreskuratzeko misio arriskutsu bati ekin dio. Hala ere, bere lehengo aholkulariak, orain etsai bihurtuta, Elixirra gordetzen du eta suntsitzeko erabakia hartzen du. Marak, bere leinuarekiko leialtasunaren edo guztion patua alda dezakeen bide propio baten artean erabaki beharko du.
“Recursos: un desafío para la humanidad” Vincent Perriot eta Philippe Bihouix egindako lana eta Normak argitaratutakoa. Komiki honetan, egileak gizateriaren erronka ekologiko handiak bistaratzen ditu formatu irisgarri eta konprometitu bat erabiliz. Philippe Bihouix pentsalari frantsesak sortu zuen lan honetan, hazkunde mugagabearen mitoa zalantzan jarri eta gure sistema ekonomikoaren muga materialak aztertzen ditu.
“Trufa”, Glàfira Smithen lehen eleberri grafikoa dugu. Bere emaztearen eta txakurraren galerari aurre egiten dion gizon baten istorioa kontatzen du. Egileak kolore-paleta primarioa erabiltzen du txakurraren ikuspegia erakusteko, giza ikuspegia, zuri-beltzez aurkezten den bitartean, modu horretan, bien arteko desberdintasun emozionala nabarmentzea lortzen du. Lan honetan, dolua, lotura emozionala eta animaliek gure bizitzetan duten garrantzia aztertzen ditu estilo sentikor eta hunkigarri batekin.
“Salam” Javier Alamán eta Héctor Hugo Navarroren lan honetan, Juan eta Maria aurkezten dizkigute, bikote honen errutina lasaia hautsi egiten da ezezagun batek atea behin eta berriz jotzen duenean. Salam da, duela hamabost urte Indian babestu zuten mutikoa hain zuzen. Haren ustekabeko etorrerak beldurra pizten du Mariarengan, eta familia ezegonkortu egiten du, bikotearen tentsioak eta Durga, hauen alabarekiko geroz eta deskonexio handiagoa azaleratuz.
“Peppino impastato” mafiari aurre egin zion gizon baten eta honen familiaren bizitza kontatzen digu Marco Rizzok eleberri grafiko honetan. Hirurogeiko hamarkadan, mafia nagusi zen komunitate batean hazi zen gure protagonistak, egoera horri aurre agiteko, ironia eta sarkasmoa erabiltzen zituen arma gisa.
Manel cráneoren “Nuestra ceniza” Xoanciñoren bizitza azaltzen digu, mediku baten semea eta amaz umezurtz hazi zen Galiziako hiri batean, gerraosteko Espainian. Herritik unibertsitaterako trantsizio hori, bat dator errepresio frankista gogorraren aurkako talkarekin eta Espiritu Nazionalaren Prestakuntzaren inposaketarekin, bere askatasuna eta hazkunde pertsonala mugatzen baititu. Historia kostunbrista honek, 50 eta 60ko hamarkadak zeharkatzen ditu, diktadurak markatutako Espainiaren itzalak erakutsiz.