Irakurketa erraza liburutegian
Mundua ulertzeko irakurtzen dugu, gero eta gehiago irakurtzen dugu. Baina irakurtzen dugun guztia ez da hain erraz, hain irakurgarri.
Jende askok —diotenez, % 30 batek— arazoak ditu irakurtzen duena ongi ulertzeko. Era askotako pertsonak dira. Izan daitezke migratzaile iritsi berriak, testu zailetan trebatzeko oraingoz astirik edo aukerarik izan ez dutenak. Edo izan daitezke pertsona zaharrak, dokumentu mota batzuk irakurtzeko zailtasunak dituztenak. Baita ere, izan daitezke afasia dutenak, edo analfabetismo funtzionalaren ertzean daudenak... arrazoi asko egon liteke, aipatu dugun % 30eko muga horretara iristeko.
Jende mota horri irtenbide bat emateko sortu da Irakurketa Erraza: idazteko era bat da, testuak prestatzeko modu bat, ahal den jende gehienak irakurri eta ulertzeko modukoak, denon eskura daudenak.
Euskadiko Irakurketa Erraza elkartearen laguntzaz, bide honetan lan handia egiten ari baita, jarduera batzuk antolatu ditugu, arazo honen berri emateko, eta irtenbidea ere aurkezteko.
Gonbidapen bat egin nahi dizuegu, ahalegin honetara indarrak biltzeko, ahal den jende gehienak izan ditzan eskuragarri informazioa eta irakurketaren onurak.
Urriaren 2an, Euskadiko Irakurketa Errazaren aurkezpen ireki bat egingo dugu, ekimen honen bultzatzaile den Blanca Matarekin batera, eta egun horretatik aurrera, hilaren 18a arte, erakusketa bat izango dugu KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegian, irakurketa errazeko dokumentuak azalduz, denbora luzeegiz ahazturik izan dugun arazo honen jakitun izan gaitezen.