“(H)istorio konparaezinak” Donostiaren berreraikuntzaren bigarren mendeurrena gogorarazteko
Uztailaren 4tik urriaren 11ra
Ordutegia:Asteartetik larunbatera, 11.00etatik 14.00etara, eta 16.00etatik 20.00etara.
Telefonoa:+34 943 112 760
Sarrera doan
Ostegunean, Istorio konparaezinak erakusketa aurkezten dugu. Haizea Barcenilla komisarioaren eskutik datorren erakusketa kolektibo honek abiapuntutzat hartzen ditu Donostiak 1813an bizitako bataila eta ondorengo sutea, eta historia eta bere interpretazioa, memoria, artxiboa edo oroipena bezalako kontzeptuen inguruko hausnarketara eramaten gaitu.
Erakusketan instalazioak, bideoak, argazkiak eta marrazki serieak ikusi ditzakegu. Ex profeso erakusketa honetarako enkargatu ziren lau obra sortu berrik eta egileek lehendik eginda zituzten eta erakusketarako utzi dituzten beste bederatzi obrek osatzen dute erakusketa.
Erakusketarako bereziki sortutako lanen egileak 1813eko batailan parte hartu zuten nazionalitateko artistak dira; hala ere, horrek balio du, aldi berean, estatuek ezarritako identitate mugetatik ihes egiteko, eta indibiduoa nahiz taldea eraikitzeko forma aniztasuna aldarrikatzeko. Gaur egun ematen den identitate aniztasun eta batasun horrek eragiten du pertsona baten eta kultura nazional baten arteko identifikazioa konplexua eta aldakorra izatea.Tania da Fonte, Lisboan bizi den artista portugaldarra; Juan Perez Agirregoikoa, Parisen bizi den donostiarra; Vincent Labaume, Biarritz eta Paris artean bizi den artista frantziarra; eta Alex Reynolds, Bilbon jaio baina prestakuntza ingelesa jaso eta Berlinen bizi dena. Horiek guztiak errealitate horren isla dira, eta beren hausnarketa helarazten digute.
Beste bederatzi obrak, lehendik egindakoak alegia, beste testuinguruetan sortutakoak dira, eta beste gatazka batzuei egiten diete erreferentzia. Hala ere, hausnarketarako bidea ematen digute: joera historiko batzuen eta besteen arteko erlazioak, dokumentuen gaineko begiradaren garrantzia, adierazpide komunak, eta historia edo istorioak idazteko modu desberdinak. Bertille Bak, Field Work kolektiboa, Elena Ciobanu, Christine Meisner, Yael Bartana, Marine Hugonnier, Lene Berg, Karlos Martinez B. eta Oriol Villanova dira bederatzi lan horien egileak.
13 artista horien obrak batera erakusten dira, eta guztiek eramaten gaituzte hausnarketa berera:orainalditik iraganera begiratzeko dugun modua.