Izurritetik COVID-19ra: Gipuzkoan izandako epidemien arrastoari jarraituz

Gure egunerokotasuna hankaz gora jarri duen epidemia ez da Gipuzkoan pairatu dugun lehena, ezta, tamalez, azkena izango ere. Datozen lerroetan, gure lurraldea mendeetan zehar neurri handiagoan edo txikiagoan astindu duten gaixotasunak ezagutzeko ibilbide historiko labur bat egiten saiatuko gara. Horretarako, gure bildumako dokumentu digitalizatuetan jasotako informazioa baino ez dugu erabili. Dokumentu horiek eskuragarri daude, beraz, etxetik atera beharrik gabe.
Aipatuko dugun lehena, nola ez, izurri beltza da. Mundu osoan milioika heriotza eragin zituen XIV. mendearen erdialdeko izurritea denetan hilgarriena izan bazen ere, ondorengo izurri epidemiek biztanleria mendeetan zehar mehatxupean mantendu zuten, 1720an ia guztiz desagertu zen arte.
Izurri epidemiak Gipuzkoan eragin zituen hondamendiei buruz, 1866an jaiotako Francisco López Alén idazle eta margolari donostiarrak ere idatzi du. Hainbat urtez Udal Liburutegiko zuzendari eta hiriko kronista ere izateaz gain, 1904an Euskal Erria: revista vascongada aldizkari donostiarra zuzendu zuen. Bertan, 1899an artikulu bat argitaratu zuen zeinetan baieztatzen duen: “En Pasajes de San Juan, el año 1597, reinó una enfermedad maligna, de la que murieron trescientas personas.” Tragediaren tamainari buruzko ideia txiki bat egin dezagun, nahikoa da jakitea lau hilabetetan hildako horiek guztiak izan zirela herriak garai hartan “no tenía entonces arriba de quinientos habitantes.”
Hori da XVIII. mendeko eskuizkribu baten kasua, non Josef de Luzuriaga medikuak berak eta Azkoitia, Deba, Zestoa, Mutriku, Donostia, Azpeitia eta Bergarako bere lankideek 1202 pazienteri egindako Gati doktorearen metodoaren aplikazioari buruzko oharrak jasotzen diren.
Edo antzeko beste eskuizkribu batena, zeinetan egileak, Goitiako umezurtz-etxe bateko administratzaileak, Gati doktoreak proposatutako baztangaren inokulazio-metodoaren praktikaren emaitzak jasotzen dituen.
Aipatutako dokumentuez gain, Liburutegiak beste eskuizkriburen bat gordetzen du, non, aurreko kasuetan bezala, lurraldean lan egiten duen mediku batek baztangaz inokulatutako pazienteei buruzko oharrak jasotzen dituen, Gati doktore ospetsuaren metodoari jarraituz.
Zoritxarrez, baztangaz gain, XVIII. mendean zehar Gipuzkoako bizilagunak mehatxatu zituzten etsai mikroskopiko gehiago egon ziren. 1781ean, soldaduen zorriek transmititutako mikroorganismo bat sukar ustelen edo sukar tifoideoen jatorria izan zen, Pasaiako portuko izurrite bereziki bortitza izan zena eta heriotza kopuru handia eragin zuena.
Edward Jennerrek 1796an egindako baztangaren aurkako txertoaren aurkikuntza mugarri garrantzitsua izan bazen ere, ez zuen gaixotasuna erabat desagerrarazi. Horren erakusgarri da, XIX. mendean, izurritea berriro agertu izanak eragina izan zuela lurraldeko hainbat lekutan. 1872an Donostian argitaratutako saiakera zorrotz baten ale bat gordetzen du Liburutegiak zeinetan J. Albisuk, epidemia izan zuen urteetan Irunen mediku gisa jardun zuenak, gaixotasunaren jatorria eta hedapena, sintomen deskribapena, pronostikoa eta tratamendua jasotzen dituen. Albisuk bere idazkian dioenez, epidemiak iraun zuen hiru urteetan, 1869tik 1871ra, udalerriko 6.000 biztanletik Irungo hiribilduan 176 pertsona hil ziren.
Era berean, Gipuzkoako Aldundiak agindutako eta lurraldeko udaletan banatzeko editatutako apunte formako dokumentu interesgarri bat ere eskura daiteke etxetik. Dokumentu horretan, 1855ean gaixotasunak emandako 30 urteko su-etenaren ondoren Asiako kolera-morboa berriro agertu izanaren egunerokoa idatzi zuen egileak, bai eta horri aurre egiteko udalerri bakoitzean emandako tratamendu, metodo eta sendagaiak ere. Idatziak, era berean, Gipuzkoako biztanleen bizi-baldintzak eta aplikatu beharreko prebentzio-neurriak deskribatzen ditu, hala nola higiene pertsonala eta publikoa, elikadura osasuntsua eta askotarikoa eta espazioen aireztapen egokia. Izurritea, lehenik eta behin, Eibarren antzeman zen ekainaren 29an, Elgoibarrera eta Mutrikura hedatu zen egun batzuetan, eta hortik, poliki-poliki, lurralde osoan zehar. Epidemiaren puntu gorena abuztuaren amaieratik irailaren amaierara arte iritsi zen, eta, azkenean, ezabatutzat jo zen abenduan. Orduan, Gipuzkoan diagnostikatu ziren 8.207 gaixo larrietatik 4.393 hil ziren.
XIX. mendean Gipuzkoan izandako beste gaixotasun batzuen berri ematen duten dokumentuak ere badaude gure bilduman. Horien artean, mende hasieran Pasaiako hiribilduan hainbat baja eragin zituen sukar edo berotasun horiko izurrite baten berri ematen duten dokumentuak gordetzen ditugu.
1814an, Donostia erre zuen sutetik urtebetera, sukar horiko izurrite batek eskualdea suntsitu zuen. Vicente de Lardizabalek arestian aipatutako artikulu berean azaltzen duenez, hiriburuko farmazia guztiak errauts bihurtu ziren sutean eta hauen jabeek beren negozioak inguruko Hernanira eta Pasaiara eraman zituzten. Beraz, botika bat bera ere izan gabe egin behar izan zion aurre Donostiak epidemiari. Gainera, eskari handia eta eskaintza txikia zirela eta, pitinka-pitinka banatzen ziren sendagaien prezioek esponentzialki gora egin zuten, eta are zailagoa zen herritarrentzat hauek eskuratzea.
1898an, Euskal Erria: Revista vascongada aldizkarian 1824ko idazki bat argitaratu zen, non Louis doktorea delako batek sukar horiaren epidemia baten berri ematen duen (egileak izurritea deitzen dio) Pasai Donibane astindu zuena 1823ko abuztuan eta irailean, eta, haren arabera, Habanatik zetorren Donostiarra izeneko bergantin baten bitartez hedatu zena.
Izurrite berari buruz jarduten du Eugenio Francisco de Arrutik 1824an Ignacio Ramón Barojaren inprimategian inprimatutako idatzian. Garai hartan Donostiako mediku titularra zen Arruti, baina, bere obraren irakurketatik ondoriozta daitekeenez, pertsonalki arduratu zen Pasaiako izurritearen jarraipenaz eta kontrolaz. Montesek ez bezala, Arrutik adierazi du: “Pasage [sic] disfrutó de la salud mas completa hasta la llegada del bergantin Donostiarra que procedente de la Habana entró en su puerto el dia 3 de Agosto”. Horrela, gaixotasuna itsasontziaren egituran bertan inportatu zela eta Europako portu ezberdinetan aurretik sukar horiaren epidemiak, toki beroetatik zetozen itsasontzien etorrerarekin lotura zuzena izan dutela argudiatzen du.
Jadanik XX. mendean, 1918ko udaberrian, Espainiako gripea izenarekin ezaguna egin zen birusak 40 milioi hildako eragin zituen munduan bi hilabetetan. Aurrez aipatutako dokumentuak baino askoz ere tonu lasaiagoan, Euskal Erria: revista vascongada aldizkariko artikulu batek, kronika labur baten bidez, Donostian epidemiak une batzuetan okerrera egiten zuela onartzen du aitortuz “pues hubo día que pasó de cuarenta el número de defunciones”. Era berean, epidemiaren hedapen azkarragoa ahalbidetu zuten mediku faltari eta sendagai eskasiari aurre egiteko agintariek hartutako neurrien berri ere ematen du.
Urte horretan bertan, aldizkari bereko beste artikulu batean honako hau adierazten da: “Cuando la primera aparición del temible huésped del Ganges, llegó hasta el pie de nuestras murallas sembrando a su paso lágrimas y aflicción; en el mismo valle de Loyola causó horrible mortandad, pero dentro de las murallas no se registró una sola víctima. Lo mismo ha ocurrido en las sucesivas invasiones, el cólera ha respetado siempre a la capital guipuzcoana. Pero a esta epidemia indocumentada no le han convencido las tradiciones y ha invadido a Donostia con rigores desusados. La extensión de la enfermedad ha sido inmensa, llegando algunos días a alcanzar la imponente cifra de cinco mil enfermos”. Eta autoreak sendagileen jarrera publikoki aintzatesteko aprobetxatzen du “activa e inteligente clase médica, a la que en los momentos de mayor peligro se han unido facultativos ya retirados de su profesión y notables especialistas que han querido compartir con sus comprofesionales [sic] los riesgos de su actuación y las penosas labores que tan anormales circunstancias imponían.” Ezberdintasunak ezberdintasun, ezaguna egiten zaigu mezua, ezta?
Ordutik, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, Asiako gripea izenez ezagutzen den pandemiak mundu osoko osasun sistemak xakean jarri zituen, Australiatik Europara eta Afrikatik Amerikara. Agian gure adinekoek gogoan izango dituzte izurrite hark bizilagunen bizitzan izan zituen ondorioak. Oraintsuago, izurriteak izan dira, hala nola hegazti gripea, SARS, MERS, zika, a gripea edo ebola, baina ez da ditxosozko COVID-19 hau iritsi arte, betiko martxa gelditu eta gure ohiturak errotik aldatzeko beharrak memoria-ariketa txiki hau eginarazi digula.