Jack Kirbyren odisea psikodelikoa
Roberto BARTUAL
Jack Kirby: una odisea psicodélica
Marmotilla, 2016
Tebeoak irakurtzen hasi ginenean ez zen Kirbyrena kredituetan gehien nabaritzen zen izena. Bere Marvel aroa lehenago hasi zelako eta langile gisa pairatu zuen egoeragatik, auskalo.
Beranduago Erregea deitzen ziotela jakin genuen, bai eta bere marrazkien kalitateari buruzko eztabaida absurdoren bat edo besteren berri izan ere (giza anatomian akatsak edo... bai, bai, zinez).
Askoz areago bidaiatzen du Bartualen lan honek. Begi bistakoa zen aldarte bati eutsi dio. Sikodeliaren agerpena Kirbyrenean... drogak hartzen ez zituen Kirbyrenean, hain zuzen ere. Izan ere, bidaia aluzinogenoa zabaldu baino lehen, Kirby esperientzia horiek irudikatzen aitzindaria izan zen.
Nola ulertu halakorik? Batetik, artistaren beraren izaeraz edo gaitasunaz (edo garun bereziaz); bestetik, baina, komikilariak kultura popularraren parte eta eragile izan zirelako. Superheroiak marraztu arren, gizartearen gaineko kezkak hor daude, Bartualek azaldu bezala. Kezkak ez ezik, baita kultur ekarpenak ere. Musika, zinema, literatura,... eta komikiak. Ezin banatu. Eta marrazki hauen pisua horren zati eta osagai izan ziren. Hala gore nola Lovecraft kutsuko beldurra islatze aldera. Horretan guztian, Kirby maisua da.
Alegia, komikiaren historiari buruzko liburu ona, interesgarria, irakurterraza dugu hau, komikiaren aldarria egiten duena kultur-produktu zein kultur adierazpen gisa.
Kirby fanzinea (Fanxinoteka)
Jack Kirby: una odisea psicodélica