Javier Mina eta komikigintza
Javier Mina 1950ean Iruñan jaiotako gidoilaria, pintorea eta idazlea da.
1984an ‘Habeko mik’ aldizkarirako egin zioten elkarrizketa batean esan zuenez, izatez pintore kontsideratu arren, komikigintzak, eta zehatzago esanda, gidoigintzak ematen zion garai hartan ogibidea Javierri.
Garai hartakoak dira ’Los apaches de París’, Alde! aldizkariko ‘Gartza’ eta ‘Invasión aplazada’ komikietarako egindako gidoiak. Baita Habeko mik aldizkarirako egindako hainbat komikiren gidoiak ere: ‘Negu luzeegia’, ‘Hiru aldiz topo’, ‘Aurelio Arteta (gradus ad parnassun)’, ‘Mariano Cañardo’, ‘Itsasoaren atzaparretan’, ‘Maurice Ravel hil zen eguna’, Makalaren dantza’, ‘Iradier’, ‘Belarraren txistu eztia’, ‘Ekaizpean’, ‘Grands Charmoz mendietan’, ‘Amildua’, ‘Ihesi’, ‘Adarjotzea’, ‘Gailurra da!’, ‘Mallo mendiaren gailurrean’, ‘Altzateko Leonor’, ‘Cervino mendiaren tontorra’, ‘Ekaitza Alpesetan’, ‘Reinhold Messner’ eta ‘Benjamin Barre’.
Komiki istorio hauen gidoia Javier Minak egindakoa deta aipatzeaz gain, ezin aipatu gabe utzi komiki hauen marrazkilariak. Kasu gehienetan Pedro Oses izan zen marrazkilari, tartean bada ere Joaquín Resanoren istorioren bat ere. Egile hauekin batera, garaikideak eta herrikideak ere badira Simónides eta Martorell iruñarrak; eta baita beste euskal komikigile hauek ere: Gregorio Muro, Berzosa, Fructuoso, Landazabal edo Gastón.
Javier Mina, gerora, idazle zein ikerlari gisa ibili izan da urte luzez, sarri Gipuzkoako Ateneoaren inguruan. Orain gutxi Ateneoaren lehendakariorde karguduna izan da gainera. Koldo Mitxelena liburutegian iaz egin zen erakusketan ikusteko aukera izan genuen bezala.
Bere artista garaikideen erakusketetarako testuak edo idatziak ere burutu izan ditu Javierrek. Tartean honako hauek: ‘Javier Usabiaga, biziaren gainean, paperaren gainean’, ‘José Zugasti, ni pies ni cabeza’, ‘María Cueto, entramados’ eta ‘Ricardo Iriarte’.
2022an zehar Javier Minak bere liburutegiaren zatitxo bat, hain zuzen, komikiarekin zerikusia zuena jaso genuen dohaintzan Liburutegian. Dokumentu hauen artean aldizkariak eta komikiari buruzko hainbat dokumentu jaso ditugu. 250 erregistrotik gora sortu ditugu katalogoan, gehienak gaztelera dute hizkuntza nagusitzat, nahiz eta badiren tartean ingelesez, frantsesez zein euskarazko aleak ere. 60 aldizkari ingururen aleak jaso ditugu tartean, eta honela lortu dugu hainbat komiki aldizkariren erregistroak osatzea. Fikziozko dokumentu zein komikien artean berriz, multzo handiena umorezko komikiek osatzen dute, eta segidan baina alde nabarmenez, badira zenbait abenturazko komiki zein alternatibo edo underground estilokoak ere.
Habeko mik aldizkariko komikiak katalogoan
‘Vidas paralelas’ liburuaren aurkezpena
Ateneoari buruzko erakusketa prentsan