Jon Gerediagak Xabier Lete V. Poesia saria irabazi du “Natura berriak” lanarekin
Sarira gai, errima eta neurri libreko eta gutxienez 500 bertso dituzten lanak aurkez daitezke. Lanak euskaraz izan behar dira, originalak eta argitaratu gabeak. Soilik onartzen dira aldizkarietan edo antologietan partzialki argitaratu diren poemak, edo sarearen bidez argitaratutakoak, gehienez ere haien poemen ehuneko hamar (%10). Nahi duten idazle guztiek parte har dezakete, edozein lekutakoak eta nazionalitatekoak, lan bat edo gehiagorekin.
Euskarazko olerki sari honen bosgarren ediziora guztira 30 obra aurkeztu dira. Epaimahaikide Igor Estankona, Joxerra Garzia, Tere Irastortza, Itxaro Borda eta Lourdes Otaegi aritu dira, eta hiru obra finalista hautatu dituzte: Poema liburu bat irakurtzeko jarraibidea (Alecrim) Berandutu zait bizitza (José Garcia) eta Natura Berriak (Jon Gerediaga).
Epaimahaiak nabarmendu du Gerediagaren obrak estilo batasun eta kohesio handia duela eta, batik bat, azpimarratu du estilizazioan egin duen ahalegin poetikoaren kalitatea. Halaber, naturaren betiereko bilakaera lantzeko eran autoreak erakutsi duen ausardia ere goraipatu du epaimahaiak, poesia lanik handienetan landu ohi den gaia baita. Hain zuzen ere, liburuaren gai nagusia da naturaren elementuen sorrera eta iraupenari buruzko gogoeta poetiko-filosofiko bat, non edertasun ekologiko hori giza begiratuaren pean jartzen baitu olerkariak.
“Natura Berriak” poema ederrez osatutako bilduma da, ideia ardatz jakin batzuen inguruan eratu duen etengabeko lanketa batean oinarritua. Behaketa poetikoaren aszetika dario obrari, eta, hurbileko behaketa orori dagokion legez, tempus geldo batean eraikia dago. Orobat, hainbat mende eta tokitako ekarpen poetiko ugari azaleratzen ditu, lerroartean kokatzen dituen zita xeheetan iradokitzen duenez.
Urruneko Ekialdeko poesiaren fintasuna eta sakontasuna ere iradokitzen dituen arren, asmo poetikoa mendebaldekoa du: Lucrezio poeta-zientzialariari buruz egiten duen lehenbiziko zitan De rarum natura-ri buruz ari dela iradokitzen digu, sortutako materia ororen norabide eta funtsari buruzko galderak eginez. Asmo hori gauzatzeko, egutegi moduko bat egituratzen du egileak, eguneko orduen arabera garatua, non gizakiaren bihotz hauskara azaltzen zaigun materia guztien artean, egunetik egunera orduen gurpilean murgilduta.
Sarituak Jose Ramón Andaren eskultura bat eta 12.000 euro jasoko ditu. Obra, gainera, argitaratua izango da, poesiaren edizioan eskarmentua duen argitaletxe baten argitalpen landu batean.
Jon Gerediaga
Bilbon jaio zen ,1975ean, Gerediaga poeta eta antzerkigilea. Antropologia ikasketak egin zituen Bilbon eta Herbehereetan. Sorkuntzari dagokionez, poesia da gehien landu duen generoa; besteak beste, obra hauek ditu argitaratuta: Fitola Balba, Karpuki Tui(2004); Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007); Zentauro-hankak (2012); Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015); Urtaroak eta zeinuak (2019).
1999. urtean, Antzerkiola Imaginarioaren kide gisa, zenbait antzerki lanen sorkuntzan parte hartu zuen; horren emaitza dira, esaterako, 8 Olivetti Poetiko (Hiru, 2001); Mundopolski(Artez, 2007); Yuri Sam, otoitza(Artez, 2007); Au revoir triunfadoreak (Artez, 2007); Babiloniako loreak(2009); Etxekoak (2015, Huts teatroa). 2003. urteaz geroztik, filosofiako irakasle dihardu Lauro ikastolan.