Jose Luis Zumeta

Atzo baino pixkat umezurtzago esnatu gara gaur, Jose Luis Zumeta margolari usurbildarraren heriotzaren albistea entzun ostean. 81 urte bete berri, ahots propioz hitz egiten duen ondarea utzi du Zumetak, eta horretaz gozatzen eta elikatzen jarraitu ahal izango dugulako pozik egon behar dugu, hala eta guztiz ere.
Zumetaren heziketa artistikoa 50. hamarkadan hasi zen, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartean margolaritza ikasten hasi zenean. 1958ko Madrilgo Gazte Pintura Lehiaketan Urrezko Domina irabazi ondoren, Parisera joan zen ikasketak osatzera eta Europako hainbat herrialdetatik bidaiatu zuen, garaiko abangoardia eta artea bertatik bertara ezagutuz.
Itzuli zenean, Hondarribian jarri zen bizitzen eta Remigio Mendiburu eskultorearekin adiskidetu zen. 1966an Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen Amable Arias, Rafael Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida eta Jorge Oteiza beste euskal artistekin batera. Hurrengo urtean, Euskal Pintura Saria jaso zuen "Picassoren Gernikari omenaldia" obrarekin eta, 70.eko hamarkada, bakarkako eta taldeko erakusketetan parte hartzeaz gain, irakaskuntza-lanetan eta Usurbil, Pasai Antxo eta Zarautzerako zeramikazko erliebe handiak sortzen eman zuen. Hurrengo hamarkadetan ere erakustaldiak egiten jarraitu zuen etengabe, iazko udan Donostiako Ekain galerian egin zuen azken erakusketara arte.
Kultura herrikoian izan zuen inplikazioaren islada dira euskal kultura eta hizkuntzaren aldeko ekimen ezberdinetarako diseinatutako hainbat kartel eta lamina. Kartel hauen artean badira 1984ko Donostiako Aste Nagusirako, 2015ean Usurbilen ospatutako Kilometroak jaialdirako edo Durangoko Liburu Azokaren 50. Urteurrenerako diseinatutakoak. Lurraldeko agenda kulturalean izandako parte hartzeak nazioarteko entzutea duten ekitaldiak ere hartu zituen barne eta, besteak beste, Musika Hamabostaldirako eta Jazzaldirako kartelak diseinatu zituen bi hauen edizioren batean.
Beraz, XX. mendeko euskal abangoardia artistikoaren garapena ulertzeko artista ezinbestekoa eta kulturarekin konprometitutako herritarra zendu da. Badoa baina bere obra uzten digu opari, nor garen eta nondik gatozen ulertzen eta ikasten jarraitu ahal izateko eta nora joan nahi dugun eta zer izan nahi dugun hausnartzen laguntzeko balioko diguna.