Josune Urrutiaren 'Hoy no es el día' komikia
'Hoy no es el día'
Josune Urrutia
Astiberri, 2022
Arte Ederretan lizentziaduna, hasieran lanbidez diseinu grafikoan aritua eta gerora marrazkia zein komikigintzan diharduen emakumezko artista da Josune. Gaur egun hainbat proiektu pertsonal zein kolektibotan dabil lanean medikuntza grafikoari buruzko master batean irakasle gisa aritzeaz gain.
Josuneren azken lana da ‘Hoy no es el día’ komikia, minbizia pasa zuen garaiko esperientzia pertsonalean oinarritutako lana da hau. Bertan hainbat emakume artistek minbizia nola gainditu zuten kontatzen du, emakume hauek beraien gaixotasuna gainditzeaz gain, esperientzia eraikitzaile zein eraldatzaileak bultzatu eta burutu zituzten bakoitzak bere teknika artistikoa oinarri hartuta.
- Hannah Wilke eskulturagileak emakumearen biktimizazioa salatu zuen bai medikuntzan eta baita gorputz fisikoaren bidez bere dohainak eskultura bihurtuz.
- Jo Spence argazkilariak fototerapia garatu eta ikono klasistak apurtzen lan egin zuen.
- Susan Sontag idazle, filosofo eta zine zuzendariak, minbiziaren beldur, aurreiritzi, ideologia eta gaixotasunaren mitoei buruz idatzi zuen saiakera esanguratsu bat.
- Audre Lorde idazle zein aktibista lesbianak minbizia duten pertsona zein zaintza lana egiten duten inguruko pertsonengan jarri zuen arreta bere lanean.
- Beatriz da Costa artista multidisziplinarrak lehen aldiz jarri zuen martxan elikadura prebentiboa.
Josunek komiki honetan emakume ekintzaile zein aitzindari hauen bizitza esperientziak kontatzen ditu, bere esperientzia pertsonalarekin elkar trukatuz eta bakoitzak beragan utzi duen arrastoa azpimarratuz. Josunek iragana ez ahazteko hautua egin zuen, bere barrua minbiziak apurtu eta bere gorputza berreraiki zuen prozesu sortzailea azaleratu digu hemen. Lan hau burutzeko ezinbestekoa izan zuen Josunek Angoulemeko artisten etxearen laguntza bertan hasi baitzuen komiki honen marrazte fasea.