Juan Garmendia Larrañaga (1926-2015)
Juan Garmendia Larrañaga tolosarra zen jaiotzez eta debozioz -bere jaioterrian bizi izan da beti - eta besteak beste, etnografoa, antropologoa, historiagilea, idazlea eta konferentzia emailea eta ikertzaile nekaezina izan zen. Euskal kultura ezagutzeko ezinbesteko lana egin zuen joan zen mendean zehar eta oraingoan.
Sona handiko maisu eta lankideak izan zituen, besteak beste Jose Miguel de Barandiaran edo Julio Caro Baroja -azkeneko horrek zuzendu zion Euskal lexiko etnografikoa izeneko doktore tesia. Eta ezin dira ahaztu euskal kulturako beste hainbat pertsona ospetsurekin, Koldo Mitxelena edo Jorge Oteizarekin, izandako harremana eta horiengatik jasotako elkartasuna.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide izan zen. Tolosako seme kutun ere izendatu zuten.
2002ko azaroaren 29an Euskaltzaindiaren ohorezko akademiko izendatu zuten.
Obra nagusia: Monografía histórica de la villa de Tolosa, Euskal eskulangintza (Artesanía vasca), Iñauteria (El carnaval vasco), De etnografía vasca, Apuntes etnográficos del Valle de Aramaiona, Gremios, Oficios y Cofradías en el País Vasco, Carnaval en Álava, Burniarozgintza eta zurlangintza, Jentilak, sorginak eta beste, Udako festak, Neguko festak, Rituales y plantas en la medicina popular vasca, Domenjón González de Andía eta Conjuros no siempre ortodoxos.
Duela gutxi hil denez, KOLDO MITXELENA Kulturuneko liburutegiak euskal etnografian itzal handia izan duen pertsona horren obra ezagutzera animatzen zaituztete.
{jcomments on}