Juan Manuel Díaz de Guereñuren dohaintza
Juan Manuel Díaz de Guereñu 1956an Maturanan jaiotako irakasle eta katedradun komikizale amorratua da, Donostian bertan bizi dena. Deustuko Unibertsitatean izan da irakasle orain gutxira arte eta aldi berean, komikigintzaren arloan hainbat ikerketa, argitalpen eta kolaborazio burutu ditu bere ibilbidean zehar. 2021eko udaberrian, jubilatu aurretik, bere bulegoan urteetan zehar bildutako materiala liburutegira ekartzeko gonbitea egin zigun. Juanmak nahiago baitu apalategietan edo kaxetan gordeta utzi baino, erabiltzaileen eskura jarri komikia ikertzera edo kontsultatzera animatzen direnentzat eskuragarri.
Juanmaren liburutegia jaso, antolatu eta katalogatu ostean, berretsi behar dugu oso aberasgarria izan dela ale hauek guztion eskura jartzea, honela, aurrez komikiaren alorrean geneukan bilduma zabala are osatuago eta anitzago bihurtu baitugu. Tartean jaso ditugu aldizkari espezializatuen ale berriak eta komikiaren historiari eta kritikari buruzko erreferentziazko hamarnaka liburu.
Juanmaren funtsa arakatu nahi baduzue, hauxe duzue esteka. Bertan gutxienez 7 hizkuntza ezberdinetan topatuko dituzue dokumentuak, gehienak gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Tartean daude 50 aldizkari inguru, fikziozko 25 bat komiki eta gainontzekoa komikiei buruzko materiala da, komikiaren historia, komikiren baten kritika edo interpretazio liburuak, teknikari buruzkoak, iruzkinak eta bestelako liburuak.
**Irudiaren jatorria: http://barrundia.blogspot.com/