Judu-herria: biolentzia historia bat
Datozen asteetan Koldo Mitxelena Liburutegiko erabiltzaileek Judu-herria: biolentzia historia bat erakusketaz gozatu ahal izango dute, lehen solairuko bitrinetan. Bertan, antisemitismoaren ibilbide historikoa azaltzen da (1. bitrina), bere jatorria eta oinarriak. Ondoren, nahiz eta faltsua izan, izugarrizko garrantzia izan zuen Siongo Jakintsuen Protokoloak dokumentua aurkezten da (2. bitrina). Dokumentu honek milioika kopia saldu zituen, judutar konspirazio baten ideia mundu osoan zabalduz. Izan ere, teoria hori mugimendu naziaren eta tesi arrazisten argudio bihurtu zen, gizateriaren historiako genozidiorik handiena nolabait sustatuz: Holokaustoa (3. bitrina).
Jarraian, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1948ko maiatzaren 14an, Israelgo Estatua sortzera eraman zuten gakoak aurkezten dira (4. bitrina): gerraren ondorioak berak, alde batetik, eta ordura arte izandako hainbat gertakizun (hala nola sionismoaren jatorria, Lehen Mundu Gerraren ondoren britainiarren agintaldia Palestinan edo 1917ko Balfourreko Adierazpena), bestetik. Ibilbidea bukatzeko (5. bitrina), Palestinak XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte izan duen bilakaera historikoa aztertzen da, besteak beste, 48ko Arabiar-Israeldar Gerraren ondorioak azpimarratuz.
Beste behin eta zoritxarrez, berriz biolentzia protagonista duen erakusketa hau ikustera gonbidatzen zaituztegu. Gaian gehiago sakondu nahi duenak eskuragarri du ondorengo estekan gatazka luze eta, oraingoz, konponezin honen errealitate konplexua erakusten saiatzen den bibliografia labur bat.
- Datak: 2021eko apirilak 19tik maiatzak 15 arte, Liburutegiko lehenengo solairuan
- Ordutegia
- Astelehenetik ostiralera: 8:30-20:30
- Larunbatetan: 8:30-14:00.
- Igante eta jai-egunetan itxita