Kiroletako komikiak
Kiroletako komikiak
Pariseko Joko Olinpikoak direla eta, kirolaren mundua protagonista ukaezina izango da aste hauetan. KMK-tik, agian hain ohituta ez gauden komiki-genero bat hurbildu nahi dizuegu, kiroletako komikiak. Genero oso zabala da, edozein kirol mota har dezake, olinpiada batzuetan igarotzen den "La carrera del siglo" atletismotik hasi eta "Cómo enfrentarte a tu peor enemigo"–n gai nagusia den karateraino, aurten Olinpiadetako programatik kanpo gelditu den kirola.
Gure funtsetan ditugun genero honetako lehen komikiak aldizkari edota prentsa tira moduan agertzen dira. "Paco Pereda", el deportista ezizeneko gazte bat da, edozein kirol egiteko gai dena. "Big Ben Bolt"-en prentsa-tiretan, estereotipoen aurka borrokatzen duen boxeolari baten balentriak ikusi ditzakegu. Fikziozko komikiez gain, badira istorio errealagoak dokumentatzen dituzten beste komiki batzuk ere, hala nola "¡Gol!", 1962ko Txileko munduko futbol txapelketako kontakizunak biltzen dituena, edo "Estrellas del deporte", hainbat kirolariren biografiei eskainitako komikia.
Horrelako komikiek kirol-jarduerarekin lotzen diren balioak islatzen dituzte, adibidez, talde-lana, ahalegina eta borroka. "Temporada de rosas" komikian, Barbarak eta bere taldekideek haien emakumezkoen futbol taldea defendatzeko borrokatuko dute. Adiskidetasun eta lehia kontzeptuak ere sarri jorratzen dira, "Slam!"-eko Jennifer eta Maisieren kasuan bezala, lagun minak izatetik zelaian arerioak izatera pasatzen direnak. Gainera, kirola askorentzat ihes-balbula izan daitekeela ikusten dugu. Horixe gertatzen zaio Enzori "Una pequeña mentira" lanean, futbolean babesten den mutikoa, bere familia-errealitatetik ihes egiteko.
Mangaren barruan kirol-generoa ezagunenetako bat da. Horren eragin handia du, komiki horiei esker Japonian egiten ez ziren kirolak errazago sartu direla uste dela. Shogi-a japoniar xake-jokoaren antzeko disciplina bat da, "El león de marzo"-n ezagutu dezakeguna. "Happy!" seriea tenisaren munduan dago girotuta, baina kirol honen eskutik, Japoniako gizarteari buruzko irakurketa sakonagoa dakarkigu. Bestalde, "Slam Dunk" eta "Joe del mañana" bildumetan, norako txarra aukeratzear daudela, saskibaloiaren eta boxeoaren bideari jarraitzen dioten gazteen istorioak ditugu, eta haien bizitzak norabidez aldatzen dira.
Mendizaletasuna inspirazio iturri izan da autore askorentzat, batez ere gure inguruan. Ramon Olasagastik Martin Zabaleta, Andres Espinosa edo Iñurrategi anaien abenturei buruzko komikiak dakarzkigu, guztiak César Llagunoren marrazkiekin. Bestalde, "Non gogoa"-n Pedro Osesek bere pasioa, mendia, praktikatzen zuen bitartean bildutako bederatzi istorio dakarzkigu.
Kirola norberak bere erara goza dezakeen aberastasuna dugu, zuzenean praktikatuz edo besteei begiratuz, eta orain, udan gaudenez eta Olinpiadak dauzkagunez, komikia aitzakiatzat duten hainbat lan ikusarazi nahi dizkizuegu: Uxue Alberdi eta Susanna Martinen eskutik surfeatu (“Surflaria”), patinen gainean ibili (“Sobre patines”) edo uda italiar batez gozatu (“Un verano italiano”) esaterako.