KMK eta BERRIKUNTZA
Badator udazkena eta KMK Liburutegiko mailegu-zerbitzuaren erakusleihoa berrikuntzaz jantzi da. Bertan bat egiten dute gure inguruneko berde koloreak eta teknologiaren zilar koloreak, testuen eta liburuen zatiekin batera.
KMK eta BERRIKUNTZA
Errege Katolikoen kaleko 16. zenbakian dagoen Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiaren mailegu-zerbitzuaren erakusleihoa BERRIKUNTZAZ jantzi da, hitzari eta lurraldeari eskainitako leihoen ondoren.
Berritzea ez da berria sortzea bakarrik, baizik eta irakurtzeko, entzuteko, partekatzeko eta gordetzeko beste modu batzuk irudikatzea ere. KMK Liburutegian, berrikuntza une oro dago presente: apalategi bakoitzean; liburu hautaketa bakoitzean non ahots berriak eskaintzen diren edo ezagunak diren beste batzuen ikuspegi ezberdinak proposatzen diren; irakurketa-esperientzia bakoitzean. Izan ere, berrikuntza da definitzen gaituen iraganaren eta oraindik eraikitzeke dagoen etorkizunaren arteko zubia.
Gure lurra ere, Gipuzkoa, lurralde berritzailea da. Berrikuntza bere ondare bibliografikoan, ehun industrialean eta adierazpen artistikoetan suma daiteke, baina baita esparru zientifikoan, sozialean edo ekologikoan ere. Makina-erremintatik adimen artifizialera, abangoardiako sukaldaritzatik energia berriztagarrietara. Etengabeko mugimenduan dagoen errealitatea, non orrialde bakoitza, ideia bakoitza eta pentsamendu bakoitza zer garen (edo izango garen) berriz irudikatzeko aukera bat diren.
Leiho hau, beraz, aurrera eginarazten digun bultzada sortzaileari eskaintzen diogu. Eta argiz beteriko bertsoekin laguntzen diogu.
ARGIA
Harkaitz Cano, pozaren erdia, 2022
Onena zara berpizle ikusgarri: mintza!
Bihurtzen duzu eguzkilorea txotxongilo;
Nork ez luke ba nahi, halako batek atxilo,
Begi berriz goizero ikustea bizitza?
Zarelako munduaren benetako gintza,
Izpiekin bihurtuz zuloa dena xilo,
Kilimatzen duzu, maitale lumaz, beti lo
Den nerabea, haur bihurrienaren gisa.
Mirari labur, iraultzailearen hamaka,
Zu, ez beste inor, umore onaren dibisa:
Argi tatuaje bat daukanak, urrea dauka.
Sortalde eta mendebaldearen hatzmarka,
Noiz sutsua, noiz gari koloreko baldintza,
Berdin miresgarri, saldoan edo bakarka.