KMK eta HITZA
KMK Liburutegiko mailegu-zerbitzuaren erakusleihoa ideiak eta gogoetak partekatzeko gune bihurtu da. Bide hau kontzeptu gako batekin hasiko dugu, hitzarekin.

KMK eta HITZA
Datozen hilabeteetan, Errege Katolikoen kaleko 16. zenbakian dagoen Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiaren mailegu-zerbitzuaren erakusleihoa gure zentroaren funtsa definitzen duten eta etorkizunerako bidean gidatuko gaituzten istorioak, ideiak eta hausnarketak partekatzeko gune bihurtuko da. Erakusleiho horrek KMKren inguruko hainbat kontzeptu aurkeztuko ditu. HITZA da horietako lehena.
Hitza da errealitateak eraikitzea, pentsamenduak adieraztea eta emozioak transmititzea ahalbidetzen digun tresna. Hitz idatzia, mintzatua, marraztua, keinuduna, kantatua... ezagutzaren bidea da, herrien memoria eta kulturaren arima. Izendatzen dituzten hitzak, isiltzen diren hitzak. Hitz isilak, isilduak edo itoak. Xuxurlatzen, oihukatzen edo ulukatzen diren hitzak. Batzen gaituzten hitzak, baita banandu ere. Hitzak.
Hitz horiek, literaturan, beste errealitate batzuetarako leihoa irekitzen diguten tresna bihurtzen dira, denboran zehar bidaiatzeko, irudimenezko munduak esploratzeko eta gizakiaren konplexutasuna ulertzeko aukera emanez. Horrela, hitza babesleku bihurtzen da, irakurleak bere burua ezaguzeko bidea, belaunaldi eta kultura desberdinak elkartzen dituen zubia. Idatzitako hitz bakoitza testigantza bat da, ondoren etorriko direnentzako ondarea. Irakurritako liburu bakoitza iraganarekiko elkarrizketa eta etorkizuna eraikitzeko urrats bat da.
KMKren lehen leiho hau hitzari eskainiko diogu eta bi poemaz lagunduta egingo dugu. Horietako bat irakur dezakezue jarraian.
EGUZKI BAT LURRAZPIAN
Ixiar Rozas , 2001
asko ulertzen dut
aitaren amak
amets batean hitz egiten zuela jakitean
gehiago oraindik
amaren aitak
hitzen ordez
bertsoak erabiltzen zituela entzutean
autoaren atzealdean
arduratsu txukuntzen zenituen maletak
amesten jarraitzen zenuen bitartean
baztango harrian jiraka dabilen eguzki batek
hartzen du orain amets horren lekua
altzipres bustien eremuan
eguzkiak berotzen duenean
gogokoa dut harrian eseri
eta zurekin hitz egitea
baliteke berandu izatea ordea
eta ez dakit nire hizkuntza
lurpean ulertzen den
© Ixiar Rozas
Iturria: basquepoetry.eus