KMK Liburutegi digitala
2023an Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak 55.000 orrialde baino gehiago digitalizatu zituen
KMK Liburutegi digitala
Urtez urte ehunka liburu iristen dira Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko apaletara: eleberriak, eskuliburuak, argazkiak, kartelak... Horrela, pixkanaka, gozatzeko edo ikasteko eta istorio edo errealitate berriak deskubritzeko bilduma bat eraikitzen goaz. Hala ere, egun "analogikoan" irakurri, ikertu eta gozatu ez ezik, "digitalean" ere egiten dugu. Errealitate horren jakitun, KMK Liburutegiak 20 urte baino gehiago daramatza bere funts bibliografiko historikoa digitalizatzen. 11.500.000 orrialde baino gehiago, joan den 2023an 55.000 gehiago gehitu zaizkienak.
2023an digitalizatutakoak…
Iaz aldizkari eta egunkari ugari digitalizatu genituen, baita monografiak, eskuizkribuak, kartelak edo liburuxkak ere. Argitalpen bitxiak daude, batzuk gaiarengatik interesgarriak, beste batzuk egiletza edo diseinuarengatik... Laster, Zarauz, playa de moda aldizkarian zer kontatzen ziguten edo Gipuzkoako Maisu Industrialen Elkartearen Buletinean zer gai jorratzen zuten ikusiko dugu. Gure interesekoak gai erlijiosoak badira, Artzain Onaren parrokia-orriaren gehigarria, Semanario católico vasco-navarro argitalpena edo Baionako Bulletin religieux du Diocèse de Bayonne buletina izango ditugu online eskuragarri. Enbata, journal nationaliste basque et fédéraliste européen kontsultatu ahal izango dugu, baita Cocoliche y Tragavientos, los reyes del detectivismo-ko aleekin gozatu ere. Gure prentsa digitala jasotzen duen kioskoan – Atzoko prentsa- oso dokumentu interesgarri eta anitzak topatu ahal izango ditugu.
Aldizkariak iristen diren bitartean, iaz digitalizatutako eskuizkribu eta monografia batzuk aztertu ditzakezue. María Teresa de Braganza y Borbón, Beirako Printzesa eta mugimendu karlistako funtsezko pertsonaiaren eta haren seme Sebastián María Gabriel Borbón y Braganzaren arteko korrespondentzia ikus dezakezue, adibidez. Edo haren biografia ere kuxkuxeatu dezakezue. Bizimodu gorabeheratsua, zazpi herrialdetan bizi izan zen emakume honena. Bestalde, Laybach hiritik Echarri-Aranazko Errege Kuartelera 1836an egin zuen bidaiaren kontakizuna ere utzi digu semeak. Karlismoari lotutako pertsonaiez ari garela, José Ignacio de Uranga jeneralaren Diario de guerra (1834-1838) ere irakur dezakegu.
Gai politiko-militarretatik haratago, Ignacio María Echaide Lizasoainek idatzitako eta 1931n Tolosan argitaratutako Tratado de sufijacion, prefijacion y composición en el idioma euskaro dokumentua zuen esku jartzen dugu ere. Hain zuzen ere, Lizasoainen beste lan batzuk ere digitalizatu dira 2023 urtean, Gipuzkoako telefonia-sarea gertutik ezagutzeko aukera ematen digutenak. Horren adibide dugu La corriente telefónica (apéndice), La corriente telefónica: estudio matemático de los problemas relativos a la transmisión telefónica, precedido de una introducción sobre la corriente alterna eta Comunicaciones de Guipúzcoa, edo baita Echaide bera omentzeko obra bat ere, Los veinte primeras años de la Red Telefónica de Guipúzcoa (1908-1928).
…eta non aurkitu
Baina, non eta nola eskuratu eduki digital hori guztia? Liburutegiko katalogotik bertatik KMK-ko "liburutegi digitala" kontsulta dezakezue, aukera hau web orrian agertzen diren iragazkietan hautatuz.
Hala ere, prentsa digitala soilik bilatzen ari bazarete, Atzoko Prentsa ataria ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Atari honetan XIX. eta XX. mendeetako 90 goiburu baino gehiago aurkituko dituzue, gai desberdinetakoak eta hizkuntza desberdinetan. Argitalpen horien bertsio digitala kontsultatu ahal izateaz gain, testu osoko bilaketak egin daitezke edukian.
Gogorarazi nahi dizuegu, halaber, dokumentu horiek guztiak eta beste asko ere eskuragarri daudela Dokumetan, Aldundiko Kultura Sailaren argitalpenen gordailu digitalean. Hainbat bildumatan antolatuta (liburuak eta liburuxkak; eskuizkribuak eta gutunak; aldizkariak, egunkariak eta artikuluak, partiturak; mapak eta planoak; argazkiak; kartelak, marrazkiak eta grabatuak), Liburutegiaren, Gipuzkoako Artxibo Orokorraren eta Gipuzkoako Protokoloen Agiritegi Historikoaren funtsetatik datozen dokumentu digitalak aurki daitezke.
2024ean jabari publikoan dauden egileak
Eta zergatik digitalizatu? Bi dira zeregin honen funtsezko helburuak: dokumentazioa gordetzea eta zabaltzea, hau da, edozein unetan eta edozein lekutatik kontsulta erraztea.
Hala ere, digitalizatzen den guztia ezin da libreki eskuratu. Urtero, legeak ezartzen duenaren arabera (herrialde bakoitzean aldatzen da), zenbait egile jabari publikora igarotzen dira. Espainian, autorea hil eta 70 urtera babesten da oro har, eta 1987ko abenduaren 7a baino lehen hildako egileentzat 80 urtera zabaltzen da. Beraz, 2024an, 1943an hildako egileen lanak sartzen dira jabari publikoan.
Urtero bezala, Espainiako Liburutegi Nazionalak egileen zerrenda argitaratu du, eta horien lanak urtarrilaren 1etik aurrera izango dira zabalik. Horien artean, mapa honetan ikus ditzakezuen euskal jatorriko pertsonai batzuk nabarmentzen dira.
Pertsona horien lana digitalizatzea izango da 2024ko erronketako bat. Baina ez bakarra. Liburutegiko funts historikoa eta ondarea kontserbatzeko eta zabaltzeko lanean jarraituko dugu.