KMKko Mailegu zerbitzua egoitza berrian
Gure sentimendu eta emozioak partekatu nahi dizkizuegu
KMKko Mailegu zerbitzua egoitza berrian
Ireki behar genuen egunean lehenengo momenturako erabiltzaile bat geneukan atea zabaltzeko zain. Orain kristalak daude pareten ordez eta garden ikusten dute liburutegia kaletik pasatzen direnek. Gu ere beraiek sartzera gonbidatzeko moduan gara.
Egia da jakin-min handiagoa sortu zuela liburutegiak Urdaneta kalean inauguratu zenean. Berrikuntza handia suposatu zuen hiriarentzat, alde batetik eraikuntzaren berrikuntza erakargarria egiten zitzaiolako herritargoari eta bestetik liburuak eskura zeudelako, hau da, apalategietara iristeko aukera eta liburuak eskuetan hartu eta ikuskatzeko moduan zirelako. Garai hartan ordenagailuak erabiltzen hasi berriak ginen eta katalogoa kontsultatzeko beharrezkoa zen pantaila aurrean esertzea. Antzinako egunkariak eta boletinak aztertzeko mikrofilm irakurleak maneiatu egin behar ziren baita ere. Orduz geroztik ia hogeita hamar urte pasa dira eta bai liburutegia, bai erabiltzaileak pixkanaka gaurkotzen joan gara. Eraikuntzak, berriz, eguneraketak behar ditu batipat iriste erraztasunetan eta baita teilatuan ere.
Ez dugu KMK Parisko Pompidou gunearekin alboratuko, haren dimentsioak nabarmenagoak baitira, baina egunotan medioetan entzun daiteke bost urtetarako itxiera datorrela obrak direla medio. Hemen, itxiera gabe, ohiko egoitzak zituen zerbitzuak ahal den neurrian mantentzen dira berrian ere, alabaina, oraingo lokalaren metro koadroak kontutan hartuta, txikiago baita. Ez dago egunkaririk, momentuz bada ere, ez eta aldizkaririk ere. Hainbat dokumentu mailegaezinak dira eta kontsultatu ahal izateko, epe batez, Oñatira joan beharko da. Ez dago ikasgelarik, aulkiren bat badago ere tartetxo baten irakurtzen geratzeko. Ez dago norbera Interneten nabigatzeko ordenagailurik ere. Itxaron egin beharko dugu Urdanetako eraikuntza berrituta egon arte hainbat zerbitzutaz berriro baliatu ahal izateko.
Gaur egun zaila da garaiko pertsonengan zirrara sortzea. Dagoeneko ohituta gaude Internetek eskaintzen digun aukera handia eskuratzera. Influencerez inguratuta gaude. Booktuberak ere aspalditik asmatuta daude. Baina oraindik zerbait lortzen dugu. Gune berria, besteak beste, automailegurako tresnaz ornituta dago. Bide batez, erabiltzaileei liburutegiko txartela poltsiko telefonoan izateko prozedura erakusten diegu eta, era horretan, oso “birtuala” suertatzen den moduan gauzatu daitezke maileguak.
Halaber, sistema tradizionalak mantentzen ditugu. Betiko moduan, liburutegi eta informazio arloan lanak errazteko eta laguntza emateko gaude. Errege-Erregina Katolikoen kalean dugu helbide berria uztailaren 26az ezkeroztik. Inor ez dadila etorri gabe gera erabilerak suposatu ditzakeen zailtasunak sortutako beldurrak eraginda...