KMko solasak
Elkarrekin hitz eginez, solaskideek ideia bat nola eszenaratzen duten ikusten dugu. Horregatik, KMk antolatu duen ziklo honetan, bi errealitate agerian jarriko dira kontzeptu beraren eduki eta mugen inguruan.
Beraz, helburua ez da bi aldeek lotutako akordioa lortzea izango, kontrakoa baizik: eztabaida sustatzea, distantzia handitzea eta, galderari galdera, erantzunari erantzuna, arrazoimenari arrazoimena josten, ideien arteko desadostasuna elkarrekin bizitzea.
Pentsamenduaren txanda da orain, eta nola ari den garatzen ulertu, sentitu eta biziko dugu.
Maiatzak 22 19:00 (Euskara)
Traizioa bikaintzen
(Itzulpengintzaz eta autoitzulpengintzaz)
Ixiar Rozas–Danele Sarriugarte
Moderatzailea: Iñigo Astiz
«Traduttore, traditore» salaketa aurrenekoz erabili ei zuten Danteren Divina Commedia frantsesera eroandako itzultzaileen lana epaitzean, jatorrizkoari leial ez izatearen ondorioz literatur lan handi-handi bat txikitu bide zutelako. Harrezkero, itzulpengintzaren gainean diharduen edonork bere buruari aski eta eskubide osoko juje deritzo lanbidea nahiz edozein itzultzaile judikatu eta damnatzeko, aipabide hori berbara ekartze hutsaren indarrez edo lizentziaz. Gregory Rabassa itzultzaile omentsuak argi ebatzi du esaera horren gainean: «itzultzea traizioa bada, traizio egin dezagun ahalik eta ondoen». Traiziorik «onena», hau da, itzulpenik taxuzkoena, «oinarri-oinarrian, irakurketa egoki bat» besterik ez delako Rabassaren aburuz: «Itzulpengintza hurbiltze bat da. Birkreatzea ezinezkoa da. Itzulia egiaren beste bertsio bat da».
Karlos del Olmo
Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972) ikerlaria da arte eszenikoetan, eta arte hezkuntzako irakaslea Huhezin. Narraziogintza, antzerkia, poesia eta haurrentzako literatura landu ditu, ‘Periferiak’ pentsamendu kritikoaren eta jarduera artistikoen arteko topaketen fundatzaile eta zuzendari artistikoetako bat izan da. Humano caracol izeneko bideo-sorkuntzak zuzentzen ditu, sortzaile garaikideei eskainitako erretratu eta dokumental sorta. Sites of imagination nazioarteko proiektuan egin du lan pieza eszeniko eta argitalpenarekin. 2012an hasi zen Maitea Arroitajauregirekin Plastika prozesua lantzen, Azala espazioan, eta ordutik hona lengoaiarekin plastizitatea, performatibitatea, erritmoa eta irudiak sortzeko aukerak arakatzen jarraitu dute. Plastika piezak Beltzuria (Pamiela, 2014) liburuko materialak uztartzen ditu. Hain zuzen, Beltzuria da Ixiar Rozasek plazaratu duen azken lana, ahotsaren espazio politikoaz eta estetikoaz gogoeta egiten duen sorkuntza bizia eta emankorra. Beltzuria lana gaztelerara eman berri da, Enclave argitaletxean.
Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) idazlea eta itzultzailea da. Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua EHU/UPVtik, Euskal Herriko pentsamendu kritikoari buruzko graduondokoa egin du UEUn. Atzerriko unibertsitateetan ere eman ditu hainbat bolada, Alemanian eta AEBetan. Igartza literatur-sorkuntzarako beka irabazi zuen 2012ko irailean eta horren fruitua da bere lehen eleberria: Erraiak (Elkar, 2014). 2012an, halaber, elearazi.org itzulpengintzari buruzko bloga sortu zuen Garazi Arrularekin batera. Teorialari feministen hainbat artikulu itzuli ditu eta prentsan ere kolaboratzen du: bi hilean behin liburu-iruzkinak argitaratzen ditu Deian eta asteroko zutabea du Berria egunkarian. Angela Davisen “Emakumeak, arraza eta klasea” itzuli du Danele Sarriugartek, Eskafandra bilduma feminista berriaren lehen alea da, Jakin eta Elkar argitaletxearen elkarlanaren lehen fruitua.
Ekainak 2 19:00 (gaztelania)
Aforismo, máxima, ocurrencia y red social
(El @forismo en la era like)
Juan Manuel Uria –Manuel Neila
Moderatzailea: Antonio Casado da Rocha
Aforismoa ona bada, orduan esaldia zoragarria da, tonu ironikoa duen egia, filosofia erabat gauzatua, bete-betean asmatzen duen gezia da, adimenean bertan du jopuntua, irtenbide bila dator eta topatuko du, umore fina da, txikikeria handia, laburduraren xarma da, etika sotila, gramatikaren arintasuna da, gorengo zinismoa, neurtitz gezurtaezina da, pasarte txiki bikaina, sintaxi-dotorezia, aldi berean da esateko modu arkaikoa zein modernoa, liburukote baten guztiz kontrakoa, iseka gailena, ipuin sintetikoa da, asmamen zientifikoa, zorroztasun gogoangarria da, hitz-joko adierazgarria, paradoxa asaldagarria da, lerro bakarreko autobiografia, ezin ahaztuzko definizioa da, jakituria hotz eta motza, bat-bateko poztasuna da, ikuskizun subertsiboa da, latinmina da, aforismoa on bat inteligentziaren erotismoa da.
Ramon Eder
Juan Manuel Uria (Orereta,1976). Honako poema bilduma hauek kaleratu ditu: Puerta de coral, ¿Quién es Werther?, Transformaciones, Manzana de vaho, Las huellas del límite, Hablar porque la muerte, Lilith eta Dos por la mañana aforismo liburua. Prosa poetikoa da nagusi bere azken lanan: Harria. Irakurraldiak egin ditu Nicaraguan, Guatemalan, Mexikon, Argentinan edota Uruguain, besteak beste. Estatuko zein nazioarte mailako aldizkarietan kolaborazioak egiten ditu. El Gallo de Oro argitaletxeko zuzendari-kidea da.
Manuel Neila (Hervas, Caceres, 1950). Poeta, literatura kritikaria eta itzultzailea. El camino original lanak biltzen du haren obra poetikoa. El silencio roto, Pensamientos de intemperie, Pensamientos desmandados aforismo liburuak idatzi ditu. La levedad y la gracia argitaratu berri du, espresiobide laburrei buruzko ikerlana. "A la mínima" aforismo bildumako zuzendaria da, Editorial Renacimiento argitaletxean.
Ekainak 8 19:00 (Euskara, gaztelania)
Gurpil zulatuak / Ruedas pinchadas
Peio Ruiz Cabestany – Ander Izagirre
Moderatzailea: Aitor Elduaien
Umetan liluraz irakurtzen zituen Tintinen komikiak, Jules Verneren nobelak eta Ciclismo a Fondo aldizkariko kronikak. Ander Izagirrerentzat maila berean zeuden narrazio horiek guztiak: zirrara sentitzen zuen heroien abenturekin, munduarekiko jakin-mina pizten zioten, etxetik ateratzeko irrika. Kirolariek, ordea, abantaila bat dute fikziozko pertsonaiekiko: Michel Strogoff, tsarraren mezularia, ez zuen inoiz hondartzan topatu; Peio Ruiz Cabestany, ordea, Anoetako belodromoan azaldu zitzaion, Anderrek zortzi urte zituela, eta askatu ezin zuen gurpila askatu zion, bizikleta amaren autoan sartu ahal izateko.
Logelako posterretan eta gaueko ametsetan zeuden txirrindulari haiek. Zergatik liluratu gintuen, gaztetan, txirrindularitzak, zer osagaiak dauzka jendea liluratzeko. Anderren kasuan harreman oso estua du lilura horrek Cabestanyrekin, baina gero baditu bere alde ilunak, eta heltzen garenean, gu ez gara hain inuxenteak, eta heroiak ez dira hain heroi, batez ere zenbait txirrindularik garai hartako tratuez eta azpijokoez kontatu dutena irakurri ondoren. Gaztaroan sortutako suhartasuna eta ondorengo desilusioa, helmugatik kilometro gutxira gurpila zulatzea bezala. Cabestanyk berak Historias de un ciclista autobiografikoan, adibidez, arrasto nahikoak ematen ditu ziklismoaren beste aldeaz.
Kontraste polita izango da: liluratuta zegoen gaztea eta lilura eragiten zuen ziklista, eta nola bizi zuten gazteak zein ziklistak mundu mitifikatu hori, nola desmitifikatu zuten oso azkar, oso gazte… Horrelako kontuak askotan aipatzen dituzte Anderrek etaPeiok
Ander Izagirre (Donostia-San Sebastián, 1976) kazetaria eta idazle da. Hainbat gai jorratu ditu bere kronika eta liburuetan (Kolonbia, Pakistan, Argentina…). Potosi (Elkar, 2017) liburu berria aurkeztu du, Boliviako Cerro Rico meatzeetan kokatutako ikerlana da, Boliviako egungo eta azken hamarkadetako historia errepasatzen duena. Txernobil txiki bat etxe bakoitzean (Gaumin, 2014) liburua idatzi du, Ukrainako alderdi hartan ikusitakoak kontatzeko, hauxe da euskaraz publikatzen duen lehen liburua; sarri jardun izan da irrati, telebista eta egunkarietan euskaraz, baina orain arteko liburu guztiak gaztelaniazkoak zituen.Hain zuzen, gaztelaniazko Plomo en los bolsillos lanaren zazpigarren edizioarekin batera heldu zen euskarazko lehena, Beruna patrikan (Libros del K.O., 2015),Julen Gabiriak itzulia, barruan Patxi Gallegok marraztutako 'Tourmalet' komikitxoa dakarrela. Beruna patrikan liburura Andere Izagirrek ekartzen dituen istorioen bitartez ezagutuko dugu Frantziako Tourraren B aldea, garaipen eta porrot sonatuenetatik hasi eta aurreneko karreristen abenturetaraino.
Urteak igaro dira Peio Ruiz Cabestany (Donostia-San Sebastián, 1962) txirrindulariak tropel profesionala utzi zuenetik, baina ez ditu inoiz ez bizikleta ez kirola bazterrean utzi. Duela hamar urte Etiopia zeharkatu zuen bizikletaz hegoaldetik iparraldera. 1984an debuta egin zuen Orbea taldean, eta 1994an amaitu zuen profesionaletako ibilbidea. Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen euskal herritar bakarrenetakoa izan da, 1985ean gertatu zen hori. Horiz jantzi zen behin baino gehiagotan Espainiako Vueltan, eta etapa garaipen handia lortu zuen 1986ko Frantziako Tourrean. Urte horietan, guztira 23 garaipen lortu zituen.Hala ere, garai profesionaletik gordetzen duen oroitzapenik onena, kirol bateko elitearen parte izatearen pribilegioa eta esperientzia hori bizi izana da. Lehiatzen ari zen bitartean prentsarako artikuluak egin zituen, artikulu horietatik abiatuta idatzi zuen bere inguruan ikusten zuena eta garai hartan sentitzen zuenaHistorias de un ciclista (Pamiela, 1997) liburuan.
Ekainak 15 19:00 (gaztelania)
Poesía clara - Poesía hermética
(Dos formas de decir lo real)
Karmelo Iribarren – Emilio Varela
Moderatzailea: Antonio Casado da Rocha
Poesia lanetan, bide argiaren lorratzak ia aho batez onartu den iritzia ekarri du: ulertzen ez den guztia egilearen trebetasun faltari lotuta dago, eta ez da inolaz ere aukera estetiko bat. Modu horretan, irrazionalismoak edota hermetismoak adierazpena eta esanahia sortzeko duten gaitasunari ez zaizkio onartuko beste eginkizun batzuk.
Egun, poesia balkoian jarria bizi da, bere mendetako nekeari atseden ematen terrazetan. Objetuetan eta ekintzetan ateratzen da guztiena den horretara, gauzen korrontera. Garbizalekeriari uko egiten dio, baita filosofiari ere, ez bada elkarren artean ematen den pasealariaren etika diskretua. Hizkuntzan salto bertikalik ez gehiago, ezta bizitzari buruzko gogoetarik ere; bizitzea egokitu izanaren errorearen laudorioa, besterik ez; errakuntzaren forma sinple eta katastrofiko horiei arreta, nolabaiteko konplizitate lurrina porrotean, errealismo garbia.
Bizirik egoteaz batera ematen den poesia batetik poesiaren itzal ilunenera, saiakera bera bizitzaren bidea eteteko, hura entomologo baten irmotasunez auskultatu eta hartatik errealitatea gogoraraziko digun zerbait ateratzeko.
Emilio Varela Frojan (Donostia-San Sebastián, 1965) arkitektoa da. Bere poeta eta margolari lana La máscara y el cantoizeneko proiektu konstruktibo baten baitan biltzen da, bertan sartzen dira artistaren margolanak eta marrazkiak ez ezik, baita Artearen Filosofia eta Estetikako haren lanak ere, horien artean Las fuentes de arena (Iparragirre Saria, 2002) poema bilduma, eta argitaratu gabeko honako idazlan hauek: 1- El libro de las desapariciones y de las ausencias, 2- Las soledades reunidas del amor y de la muerte, 3- Las máscaras del vacío y los cantos de la nada, eta 4- Los paisajes de la inmovilidad y las oraciones del silencio.
Karmelo C. Iribarren (Donostia-San Sebastián, 1959) poetaren lana paisaia bakar eta homogeneo batera bideratzen da. La ciudad,Seguro que esta historia te suena, Ola de frío, Atravesando la noche, edota berrienak dituen Pequeños incidentes eta El amor, ese viejo neón. Horiez gain, Diario de K gogoeta eta aforismo liburua argitaratu du. Guztiek ideia bakar bat lantzen dute: Hemen eta orain, kale honetan, tren geltoki honetan tabernen artean, gupida barojatarraz galdetzen dio K hiritarrak bere buruari, zer egin lezake gizaki batek?