Kodai, manga komikien argitaletxe hasi berria
Manga komikien zabalkundea izugarria izaten ari da azken urte hauetan. Liburutegian bertan azken urteetan gehien hazi den komiki atala mangarena izan da. Bai dagoen eskaintza zabala oso handia delako eta baita erabiltzaileek egindako eskarien erantzun gisa ere. Erabiltzaile fidelak baititugu liburutegian!
Egoera honen beste alderdi bat da manga komikien argitaletxeak egiten ari diren lana. Eta ez dira esku bakarrarekin kontatzekoak soilik. Argitaletxe pila daude, tartean ezagunenak hauek dira gure inguruan: Astiberri, Arechi Manga, Babylon, Cúpula, ECC, Ediciones Tomodomo, Ediciones Fujur, Fandogamia, Gallo Nero Ediciones, Herder, Hidra, Ivrea, Kitsune Manga, Kodai, Milky Way Ediciones, Norma, Nowevolution, Odaiba Ediciones, Ooso Cómics, Panini, Ponent Mon, Quaterni, Satori Ediciones, Sekai.
Denetarikoak daude hauen artean, batzuk urte mordoa daramatenak, oso ezagunak eta beste batzuk berriz hasi berriak. Azken multzo honetan kokatzen da Kodai argitaletxea, Bilbon sortu zuten 2019an Aitor eta Denisek (@inushin95).
Kodairen ekintza nagusia jatorrizko eta kalitatezko manga gaztelerara itzuli eta kalitate oneko formatuan eskaintzea da. Orain arte, gurean egile ezezagunak direnen lanak itzuli eta ekartzen ari dira pixkanaka. Kalitatea marka gisa erabiltzen dute, bai komikien kalitatean eta baita liburuaren kalitatean ere. Tartean gure katalogoan eskuragarri dauzkazue ‘Sakuran’ edo ‘El secreto de Madoka’ manga komikiak.
Gainera, manga komikiak argitaratzeaz gain, editore hauek oso aktiboak dira sare sozialetan. Esaterako, Youtuben kontatzen dute beraien lan prozesua zein den: lizentziak, kontratuak, itzulpenak, zuzenketak, errotulazioa, maketazioa, inprenta, liburu bidalketak, online denda, promozioak eta baita kontu ekonomikoak ere.
Kodai argitaletxea eta bere kanala