Koldo Mitxelena funts dokumentala KMKn
Koldo Mitxelena funts dokumentalak hizkuntzalari ospetsu honek Errenteria eta Amaran zituen liburutegi pertsonaleko elementuak jasotzen ditu. Familiak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zion funtsa pasa den maiatzean eta gaur betetzen den Koldo Mitxelenaren heriotzaren 25. urteurrenarekin batera, bilduma osatzen duten 5.000 erreferentzia ingurutik 1.200 erabilgarri daude jada Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegian.
Bilduman hizkuntzalari handiaren dokumentu pertsonalak (argazkiak, agiriak, karnetak, etab.), gutun-liburuak eta Antonio Valverderen olio erretratu bat aurki daitezke. Horiez gain filologia eta linguistika liburuak, aldizkariak, esku-orriak, laneko paperak eta Koldo Mitxelenak bere obra nagusiak idazteko erabili zituen dokumentu ezberdinak daude.
Dokumentazio honen guztiaren ikerketak Koldo Mitxelenaren argitalpen garrantzitsuenen sorkuntza prozesua jarraitzeko eta bere lan metodologia ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Filologiaren, hizkuntzalaritzaren eta bere bizitzan zehar ardatz izan zuen euskararen inguruan argitaratu zituen liburu askoren aztarnak aurki ditzakegu lan paper horietan. Hala nola, Fonética Histórica Vasca, Apellidos vascos eta Historia de la literatura vasca liburuenak. Salamancako Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean hizkuntzalaritza indoeuroparreko katedradun gisa emandako eskolekin lotutako dokumentazioa ere badago.
Dagoeneko Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren obra eta idatziak, eta haren inguruko ikerketa kritikoak ditu, 500 bat argitalpen orotara. Dohaintza honekin bilduma hori osatuko da.
Dagoeneko erabilgarri daude Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiko erreserba funtsean Koldo Mitxelena funtsetik oraingoz katalogatu diren 1.200 erreferentziak, Gabriel Celaya, Julio Urquijo edota José María Busca Isusi bezalako egileen funtsekin batera.
Datorren urtean zehar funtsa oso osorik katalogatuta eta erabilgarri egotea espero da.
Koldo Mitxelena Ellisalt
Koldo Mitxelena Ellisalt (Errenteria 1915 – Donostia 1987ko urriak 11) euskal hizkuntzalaritzaren erreferente nagusietakoa izan zen eta Euskara Batuaren sortzaileetako bat. Salamancako Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen eta Historia de la literatura vasca, Fonética Histórica Vasca edota Orotariko Euskal Hiztegia bezalako funtsezko obren egilea da.
{ppgallery}galerias/koldomitxelenaelissalt{/ppgallery}