Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegirako gune bat Oñatin
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak ikertzaileentzat duen zerbitzuak martxan jarraitzen du bere egoitza nagusiko obrek dirauten bitartean.
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegirako gune bat Oñatin
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak ikertzaileentzat duen zerbitzuak martxan jarraitzen du bere egoitza nagusiko obrek dirauten bitartean. Ondare funtsak Oñatin kokatutako Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan gordetzen dira, bilduma baliotsuenen kontserbazioa eta irisgarritasuna bermatzeko.
Balio handiko ondare bibliografiko eta dokumentala
Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiko ondare-funtsek bilduma baliotsua osatzen dute:
- Ondare Funtsa eskuizkribuak, inkunableak, antzinako inprimakiak eta balio historiko handia duten obrak biltzen dituena.
- Funts hemerografikoa, historia, gizartea eta kultura aztertzeko funtsezko goiburu historikoekin.
- Funts pertsonalak, euskal kulturako figura garrantzitsuen artxibo dokumentalez osatuak, korrespondentzia, originalak eta lanerako materialak barne.
Dokumentu-multzo hau informazio-iturri baliotsua eta aberatsa da Gipuzkoako eta Euskal Herriko historia, literatura eta kultura ikertzeko.
Guztion eskura dauden funtsak
Horrela, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa KMK Liburutegiaren ondare funtsak kontsultatzeko erreferentzia gune bihurtu da. Lekualdatze horrek materialak behar bezala kontserbatzea eta ikerketarako baldintza egokiak izatea bermatzen du.
Gune honetan Liburutegiaren ondare bibliografikoa osatzen duten funtsak kontsulta daitezke, aldez aurretik eskatuta baldin eta kontserbazio-baldintzek ahalbidetzen badute. Oñatiko aurrez aurreko arretarekin batera, KMK Liburutegiak ondare-funtsekin lotutako zerbitzuak online eskaintzen jarraitzen du: kontsulten kudeaketa, informazio bibliografikoa edo ikerketa-proiektuetarako laguntza besteak beste. Era berean, KMK-k material digitalizatuetarako online sarbidea zabaltzen jarraitzen du, dokumentuen urruneko kontsulta erraztuz eta dokumentu-ondarea hedatzen lagunduz. Gune hauetan aurki ditzakezue:
- Liburutegiko katalogoa; bertan, eskubiderik gabeko formatu digitalean argitaratutako dokumentuak edo Liburutegiak berak edo beste erakunde batzuek digitalizatutako dokumentu analogikoak aurki ditzakegu.
- DokuMeta, Aldundiko Kultura Sailaren argitalpenen gordailu digitala.
- Atzoko Prentsa, non antzinako prentsa digitalizatuaren zati bat dagoen (beste baliabide batzuez gain).
Honetaz guztiaz hitz egiten genizuen artikulu honetan. Ziur zerbait interesgarria aurkituko duzuela!
Ikerkuntzarekiko eta kontserbazioarekiko konpromisoa
Oñatin prestatutako dokumentu-kontsultaren zerbitzua (dokumentazioaren kontserbazioaz gain) Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiaren estrategiaren parte da, obren garaian zerbitzu publikoaren jarraipena bermatzeko. Neurri horren bidez, ikerketa-komunitateak funtsak eskuratzen jarraitu ahal izango duela bermatzen da, eta, aldi berean, balio handiko dokumentu-ondarea behar bezala zainduko da.
Liburutegiak ondare bibliografikoaren kontserbazioarekin, irisgarritasunarekin eta zabalkundearekin duen konpromisoa berresten du horrela, bere zerbitzuak gaur egungo egoeretara egokituz, ikerketa eta kultura laguntzeko duen bokazioa eten gabe.