Koldo Mitxelenaren obra guztiak argitaratu dira
15 liburuki eta guztira 7.000 orrialdetik gora dira bilduma honetan: egileak bizian bere izenaz, izenaren laburdurez edo ezizenen batez sinaturik argitaratu zuen guztia jasotzen da. Halaber, bertan bildu dira egilea hil eta gero argitaratutako zenbait idatzi, lehenago argitaratuen zati edo bertsioak ez direnean.
Obra osoa hamalau liburukitan banatu da, liburuki bakoitzari eduki ahalik eta homogeneoena emanik, betiere irakurlearen erosotasuna gogoan izanda eta berariaz liburuki bakoitzaren amaieran doazen aurkibideei etekinik handiena ateratzeko aukeraz. Sailkapena egiteko, idazki bakoitzaren hizkuntzari ez zaio begiratu; horrenbestez, irakurleak liburuki berean aurki ditzake gaztelaniazko zein euskarazko testuak —baita noizbehinka frantsesezko, ingelesezko edo alemanezkoak ere. Mitxelenaren euskarazko idatzi guztiak bizpahiru liburukitan biltzeko hainbat arrazoi izan zitekeen, jakina, baina oraingo honetan obra osoaren egiturak nagusitu behar zuela ikusirik, irizpide linguistikoak irizpide tematikoaren aurrean makurtu beharra hobetsi da.
Lehen liburukiak hizkuntzalaritza historikoarekiko idazki teoriko edo orokorrenak biltzen ditu, gogoan izanik Mitxelenak hori zuela bere alorrik kutunena; ondotik datoz euskalaritzaz kanpoko hizkuntzalaritzari dagokionez, hizkuntzalaritza orokorreko liburuki bat (bigarrena) eta hizkuntza paleohispanikoekiko beste bat (hirugarrena). IV-IX liburukietan kokatu ditugu euskararen hainbat alderdi sinkroniko eta, bereziki, diakroniko jorratzen duten egilearen liburu eta artikulu anitz (fonetika, morfologia, dialektologia, lexikografia, etimologia…), eta X.ean hizkuntzaren batasun prozesuaren inguruko idazkiak eta euskalaritzaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzkoak. XI-XII. liburukietan dira tradizioaren hastapenetik XIX. mendera bitarteko euskal testuen ikerketa eta argitalpenei Mitxelenak egokitutakoak. Euskal literaturaren historiarekiko lanak eta XX. mendekoarekikoak XIII. liburukian biltzen dira, eta, azkenik, XIV.ak dakar egilearen obraren alderdi pertsonalena —polemikoena ere bai, zalantzarik gabe.
XV. liburukiak Mitxelenaren bibliografia berria dakar, aurrez Joseba A. Lakarra eta Iñigo Ruiz Arzalluz (arg.), Memoriae L. Mitxelena magistri sacrum-en prestatutakoaren (Donostia 1991, ASJU-ren Gehigarriak XIV, I, xiii-xliii or.) bertsio Iñigo Ruiz Arzalluzek zuzendu eta zabaldua; orobat, hori da aurreko liburuki bakoitzaren amaierako aurkibide guztiak bateratzen dituena.
Testu guztiak CD batean ere ematen dira eta irakurle zuhurra ohartuko bide da baliabide horien laguntzaz.
Testuak txukuntasun handiz eman dira: osatu eta bateratu egin dira tipografia eta bibliografiazko xehetasun guztiak. Milaka akats tipografiko zuzendu dira lanen iturriak miatuaz eta, maiz, Mitxelenak berak zuzendutako aleak erabiliaz; gainera, liburu edo artikulu bakoitzaren edizio guztiak izan dira kontuan, irakurleak aldaketaren bat izan denean informazio guztia bildua izan dezan.
Liburuki bakoitzean, Eduardo Chillidak egindako Koldo Mitxelenaren erretratu ezberdin bat doa, gehientsuenak orain arte argitaragabeak.
Argazki 1: Euskomedia
Argazki 2: Jesús M. Pemán