Martxoak 17, Komikiaren Eguna
Aurten ospatuko da lehen aldiz eta egun hau aukeratu da TBO aldizkaria editatu zelako, 1917. urtean
Martxoak 17, Komikiaren Eguna
Lehen aldiz ospatuko da Komikiaren Eguna. Egun hau aukeratu da TBO aldizkariaren lehen edizioa 1917ko martxoaren 17an agertu zelako. Aldizkari hau 1998 urtera arte argitaratu zen eta urte luzez komikia edonoren etxeetara zabaltzeko bidea izan zen. Aldizkari honek eragin handia izan zuen, eta horren adibidea da, gazteleraz “tebeo” erabiltzen dela komikiaren sinonimo bezala.
Gure ingurura hurbilduz eta gure komiki funtsak arakatuz, euskaraz ere hainbat urtez asteroko edo hilabeteroko maiztasunez izan dira komiki aldizkariak. Lehena Txistu (1927), ondoren Poxpolin (1935) eta geroago Ipurbeltz (1977-2008) izan dira XXI. mendera arte mila etxeetako umeen eskura egon diren euskarazko aldizkariak, beste hainbat komikiren artean.
Helduei zuzendutako komiki aldizkariak ere egon dira: Habeko Mik, alfabetizazioak bultzatuta argitaratutako aldizkaria, edo Napartheid, fanzine munduaren erakusgarri izandakoa. Egun, aldizkarien eragina apaldu bada ere, Xabiroi aldizkariak ematen du komikia gazteengana eta paperean jasotzeko aukera.
Orain, komiki aldizkariek baino toki gehiago hartzen dute gurean komiki istorio osoek, album moduan, nobela grafiko gisa edo manga motako bolumenetan. Horregatik da hain zabala gure komiki mailegagarrien funtsa KMKko Komikiteka gelan, liburutegiko lehen solairuan. Bertan 5000 komiki inguru topa ditzakezue mailegagarri. Gaurko espreski hautatukoen artean hiru hauek azpimarratu nahi ditugu:
- TBO aldizkariari buruzko liburua ‘Ediciones TBO, ¿dígame?: memorias secretas de una secretaria’
- Manga atalean abenturazko Billy Bat seriea. Urasawaren manga honetan xaguxar baten ikuspegitik Euskal Herria ere agertzen den komiki unibertsala
- Argitaratu berria den eta Angoulemako komiki festibalean saritua izan den ‘Penss y los pliegues del mundo’ nobela grafikoa