Komikia buruan eta ibili munduan
Udara iristear dago eta oporrak planifikatzeko garaia iritsi da askorentzat. Pentsatzen hasi beharko dugu nora bidaiatu nahi dugun, ahal dugun ego gogorik badaukagun bidaietarako. Egia da, aurkezten zaigun udara guztiz ezohizkoa dela, nahiko bitxia bizitzen ari garen egoeragatik, eta guk, pentsatu duguna zera izan da: zergatik ez bidaiatu komikien bitartez?
Oraindik, gure bidaiaren nondik norakoa zehaztu gabe dago, ezta bidaia hau nola egingo dugun ere. Agian, autobusean egin genezake gure bidaia, baino espero dugu guri ez gertatzea Clémentineri “Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa” komikian gertatu zena. Bertan Marko eta Beka egileen lan honetan, Clémentine asteburu pasa bat egitera abiatuko, geldialdi batean, ordea, autobusa bera gabe abiatuko da denda berezi batean geratuz, eta bertan ezustean bere bizitzari buruzko ikuspuntua aldatzea lortuko du, izan ere, duda existentzialez eta erdi galduta aurkitzen zen Clémentine une horretan.
Autobusaren ideia ez baduzue gustuko, agian itsas-bidaia bat egitea planteatu dezakegu, Mediterraneotik atera eta adibidez Shangaieraino, Tintínek “Faraoiaren zigarroak” lanean egin zuen bezala. Komiki honetan, Tintínek, Kih-Oskh faraoiaren hilobiaren bila dabilen Filemón Ciclón egiptologoa ezagutu zuen. Tintínek hilobiraino lagunduko dio eta bertan, tabakoa baino gehiago ezkutatzen duten zigarro misteriotsu batzuk topatu zituen. Zalantzarik gabe abentura izugarria izan daiteke, baina kontutan izan behar dugu gero bahitua eta itsasoan abandonatua izan zela Tintin, beraz, guzti hori jakinda ondo pentsatu beharko dugu itsasoz bidaiatu edo ez...
Kotxea, garraio-bide bezala aukeratzea erabakitzen badugu, aukera oso zabala izango dugu, Hernández eta Fernándezek erabiltzen zuten Citroën 2CV-tik hasi, “El coche fantástico-ko” Kitt mitikoarekin jarraitu edo “Batman-en” Batmobila hautatzeko aukera ere izango genuke. Huetatik edozein kotxe aukeratuta seguru gaude Enki Bilal eta Pierre Christin-ek idatzitako “La ciudad que no existía” lanaren hiriraino iritsi ahalko ginetekeela. Langileen eta xarma handirik gabeko hiri hau, munduko hiririk hoberenean eraldatuko da, bertako biztanleen amets guztiak betetzen diren hirian hain zuzen.
Bizkortasuna bilatzen badugu, argi dago garraiorik onena hegazkina dela, baina beldur gara, ez ote zaigun José Carlos Fernandes eta Robert Gomes-en, “Aral itsasoa” lanean bezalakorik gertatuko, honetan, Belizera zihoan 713 hegazkina inoiz ez zen helmugara iritsi. Hegazkina handik bi egunera aurkitu zuten Yucatango oihanaren bihotzean, Uxmaletik gertu. Ez zuen kalterik, baina ez zegoen eskifaiaren ez bidaiarien aztarnarik. Hegazkinaren eta aire-kontrolatzaileen arteko elkarrizketak bildu ordez, grabazioek ezohiko istorioak jasotzen zituzten. Zanzim-ek idatzitako “La isla de las mujeres” komikian Céleste Bompard-i gertatzen zaiona ere ez dakit gustukoa izango genukeen, izan ere, trebetasun handiko pilotua den Céleste Bompard-ek misio batean zegoela lurrera bota zuten uharte txiki eta berezi baten kontra. Hegazkinak komikietan duten ibilbidea ikusita agian jausgailuak enkargatu beharko ditugu bada ez bada ere.
Nahi duguna bagaje arinarekin bidaiatzea bada, agian Michel Rabagliati-ren “Paul en el norte” lanean, 16 urteko Paul gazteak nahi zuen Kawasaki KE-100 motorra lortu beharko dugu. Autoreak Paul-en gaztaro arazotsua azaltzen digu. Paul eta bere laguna den Marc 1976ko udara esperientzia garrantzitsuekin biziko dute, auto-stop bidaiak, lagunen arteko egonaldiak eta esperientzia berri asko, guzti hau joko olinpiko eta Peter Frampton-en musika testuinguru bezala izango dutelarik gertatuko da.
Bagaje arinaz gain, garraio ekologiko eta jasangarria aukeratzeko hautua eginez gero, Eleanor Davis-ek “Tú, una bici y la carretera” lanean bezala, bizikleta izango da gure aukera. Eleanor-ek garai txar bat bizitzen dagoela Arizona-tik Georgia-raino bizikletan bidaiatzea erabakitzen du. Gure kasuan agian, Kopenhage-ra joan gintezke eta agian Mortadelo eta Filemón gidaritzat hartu ahalko genituzke, izan ere hauek “La Sirenita” lanetik hiria ondo ezagutzen dute. Istorio honetan, gure gidariak, Kopenhage-ra joan ziren, metalei bizia eman asmoz, Bacterio irakaslearena den “vivimetallinus” asmakizuna aurkeztu behar zutelako eta bitartean gailu guztiak zaintzeko. Ustekabean izpi batek, “Sirenatxo-aren” estatuaren kontra jo zuen eta honek bizitza hartu eta hiritik ihes egin zuen. Mortadelo eta Filemón-ek harrapatu eta bere lekuan utzi beharko dute Danimarkako gobernua egoeraz jabetu aurretik eta neurri berezirik hartu aurretik.
Ondo pentsatu eta antolatu beharko dugu gure bidaiaren nondik norakoa, baina gauza bat oso argi daukagu: bidaia benetan ezberdina eta berezia bizituko dugu. Komiki anitzei esker, hiriak, gertakizunak, abenturak, eta abar luze bat ezagutzeko aukera izango dugu, marrazkilariak ezagutuz, egileen ikuspuntu eta iritziak bizituz eta protagonistekin bat eginez edo ez…. Bidaia honetan parte hartu nahi baduzu ez galdu hurrengo geltokia: Afrika.