Komikia zineman

Irailaren erdialdean gaude jada, eta urtero moduan Zinemaldiko giroa arnasten da Donostian. Hiria galaz janzten da, zinema munduko profesionalei harrera egiteko, 9 egunez zazpigarren artearen munduko hiriburu bihurtuz.
Nazioarteko Jaialdia aitzakiatzat hartuta, zazpigarren eta bederatzigarren artearen arteko loturari buruz hausnartu nahi izan dugu; izan ere, askotan komikietan oinarritutako filmak ikusten ditugu, sarri hauen loturaren berri izan gabe.
Komikietan oinarritutako filmei buruz hitz egitean, Superman bezalako superheroi handien bertsioak etortzen zaizkigu gogora, besteak beste, Christopher Reeves, Dean Cain eta Henry Cavill aktoreek antzeztutakoak. Buruan dauzkagu ere, Spiderman, Los Vengadores, Joker edota Batman. Zaldun ilunaren trilogiak, aktoreen inguruko polemikak sufritu arren, publikoak hobekien baloratutako moldaketetako bat izaten jarraitzen du. Modu batean edo bestean, nobela edo komiki baten adaptazioa egiten denean, zaila izaten da publiko guztia asebetetzea.
Marjane Satrapik “Persepolis” obra autobiografikoa sortu zuen, zuri-beltzean plazaratua, bere haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak jasoz. Frantzian 2007. urtean, Vincent Paronnaudek zuzenduta, animaziozko film bezala aurkeztu zen, sari eta izendapen garrantzitsuak lortuz.
Amaitzeko, James O 'Barr komikigileak sortutako "The crow" istorioa aipatu beharra dago, komikiaren historiaren eleberri grafiko independenterik salduena alegia. Angulemako komiki jaialdian Storyteller saria irabazi zuen eta Alex Proyasek zinemara eraman zuen 1994. urtean. Pertsonaiaren iluntasun eta esentzia maisutasunez mantenduz, kultuzko film bihurtu zen.
Komikia eta zinemaren arteko harreman zerrenda bukaezina da, baina, zein izango litzateke zure ustez inoiz egin den egokitzapenik onena?
Sin city: erreferentziazko obra, komikia eta pelikula
Wanted: komikia eta pelikula
V de Vendetta: komikia eta pelikula
Camino a la perdición: komikia eta pelikula
Lone wolf and cub: komikia
Persepolis: komikia eta pelikula
The crow: komikia eta pelikula