Komikiaren eguna 2024
Xehetasun guztiak, albiste honetan
Komikiaren eguna 2024
Aurten bigarren aldiz ospatzen da Komikiaren Eguna estatuan. Bederatzigarren artearen balioa, bere historia, gaur egun duen garrantzia eta aniztasuna, sormena eta kalitatea aldarrikatu eta aintzatestera dator egun hau.
Aurtengo kartelaren egilea Borja González da, 2023ko Komikiaren Sari Nazionalaren irabazlea, Grito nocturno (Reservoir Books) lanagatik. Bere estilo magiko eta neogotikoaren barruan, Gonzalezek "komiki bat" sortu du kartelaren baitan, irudi horren bidez "irakurketa pausatu eta ulerkorraren beharra" aldarrikatuz.
Borja González (Badajoz, 1982) komikigile autodidakta da, Las tres noches trilogiaren egilea (The black holes; Grito nocturno; El pájaro y la serpiente). Oso estilo pertsonala du, eta deigarriena pertsonaiek aurpegirik ez edukitzea da. Hala, gorputz-adierazpenaren eta agertokien garapena ditu lagun bere marrazkietan. Gonzálezen obran kolorearen erabilpena ere garrantzitsua da. Paleta mugatu batez baliatzen da normalean eta haiekin garaiak eta aldarteak markatu eta espazioak banatzeko gai da. Haren hitzetan, planoei garrantzi handia ematen die ere, zinemaren eragin handia dutenak.
Bere aurreko beste lan batzuk La boca del lobo (Editora Regional de Extremadura, 2012) eta La reina orquídea (El verano del cohete, 2016) dira, azken hau Mayte Alvaradorekin batera zuzentzen duen El verano del cohete argitaletxearena. Las tres noches serieak hiru istorio independente dakarzkigu, itxuraz haien artean segidarik ez dutenak. Baina kasu guztietan emakumeak dira protagonista, Teresa eta Matilde izenak ere errepikatuz, eta estetika eta gai batzuk –hala nola, gaztaroko irrikak, errealizazio pertsonala, askatasuna, itxaronaldia- antzekoak dira. Serie honekin nazioarteko oihartzuna lortu zuen eta Frantziako merkatuaren ateak ireki zizkion egileari.